Euskarazko bideo-jokoen historiari so egiten badiogu konprobatuko dugu lehenengo euskarazko bideo-jokoak, 2000 hamarkadako hasieran agertutakoak, kirolari lotuta zeudela: estropadak, zesta punta eta mendizaletasuna. Hauek ez ziren Euskal Herrian garatu ziren lehenengo bideo-jokoak, baina argi utzi zuten herri kirolak garrantzitsuak izango zirela bideo-joko industrian.

Horrela bada, bideo-jokoak eta herri kirolak uztartzeari dagokionez pilota simulagailuak gailentzen direla azkar konprobatzen dugu. Bai Euskal Herrian, bai kanpoan, honen adibideak aurkitu daitezke, esku huska pilota eta zesta punta batez ere. Alabaina, esku pilota ez da birtualki praktikatu dezakegun herri kirol bakarra, bestelako simulagailuak ere topatu ditzakegulako, besteak beste, aizkolaritza simulagailuak.

Aizkolaritzari buruzko bideo-jokoen birpasoa hiru erreportai desberdinetan egingo dugu. Lehenengo honetan, Erandioko Gestionet enpresak Txapelgames euskarazko joko eta minijokoen markaren baitan kokatzen dituen bi aizkolaritza simulatzaile, edo hobeto esanda, herri kirol simulatzaileak aurkeztuko ditugu. Biak euskara hutsean argitaratu ziren 2008 eta 2012an.

SeiBaietz!

Apostuari lotutako izenburuarekin Gestionetek SeiBaietz! PCrako bideo-jokoa aurkeztu zuen 2008ko Durangoko Azokan.

Sortzaileen esanetan, herri kirolak aurkezten zituen Euskal Herrian egindako lehenengo bideo-jokoa zen. Guztira sei kirol eskaintzen dira: sega proba, lasto fardo altxaketa, ingude-altxaketa, lokotx bilketa, harri-jasotzea eta noski, aizkora proba.

Sei kirol hauetan trebatzeko sei pertsonaia aukeratu ditzakegu, hiru neska eta hiru mutil. Gainera, bakoitzak hainbat ezaugarri berezko ditu: adina, herria, kirol espezialitate bat eta indarra, sasoia eta trebezia propioak.

Adibidez, Mikel Lete, Lete I.ak, 29 urte ditu, Miarritzekoa da eta ingudea da bere espezialitatea. Eneka Larraunek, Larraun IV.a ezinena daukanak, aizkoran dihardu hobekien eta Urretxukoa da. Gure pertsonaia aukeratu ondoren sei horien artean gure aurkaria ere aukeratu behar da. Bukatzeko, jokatu nahi dugun kirola hautatu behar dugu.

Minijoko bakoitzeko interfazea desberdina da eta bakoitzean neurtzen diren parametroak ere desberdinak dira, adibidez, sega proban jasotako lasto kiloak eta egitekoa betetzeko behar izan den denbora —denbora-zigor eta guzti— kontuan hartuko dira. Jostagarritasunari dagokionez,  nahiko mugatua eta sinplea da, izan ere, zazpi urtetik gorako haurrentzat zuzendu zen; teklatua soilik erabiltzen da pertsonaia mugitu eta kirol bakoitzaren ekintza gauzatzeko  —laztoa edo egurra moztu, lokotxa bildu…—.

Grafikoei dagokionez, garaiko 3Dak dira. Kirol bakoitzaren girotzea desberdina da. Kirolaren arabera belardi batean edo herriko plazan jokatuko dugu, eta bertan, publikoa beti dago kirolariak animatzen, benetako herri kiroletan bezala. Minijokoaren arabera ere perspektiba aldatzen da, esaterako, sega proba plano zenital batean aurkezten da eta lokotx bilketa albotik ikusten dugu. Musikari dagokionez, hondoko txistu entzun dezakegu eta honekin soinu efektu gutxi batzuk.

Ordenagailuan instalatzeko beharrak garaiko makinenak dira: prozesadorea Pentium III, 8000Mhz; RAM memoria 128MB minimo eta sistema eragilea Windows 98, Millenium, 2000 edo XP. CD-ROM irakurgailua beharrezkoa zen, bideo-jokoa CD formatuan saldu zelako. Gaur egun ez dago salmentan —beharbada bigarren eskuko aleren bat aurkitu daiteke—, baina Euskal Autonomi Erkidegoko liburutegi publiko askotan eskuragarri dago.

Gipuzkoa eta Bizkaiako Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin garatu zen eta 12 euroko prezioan saldu zen. Salmentan jarri zenean komunikabide askoren arreta lortu zuen; besteak beste Garak eta 20 minutosek erreportai bat idatzi zuten eta La Sextak Gestioneten egoitza bisitatu zuen. Albiste hauetako batzuk online aurkitu daitezke oraindik.

Antza denez, Sei Baietz!en sekuela garatzeko asmoa zuten, baina ez zuten finantziaziorik lortu horretarako.

 

Izan kirolari

Gestionetek herri kiroletan oinarritutako bigarren bideo-joko bat aurkeztu zuen 2012an eta berriro ere, Txapelgames markaren baitan kokatu zen. Urte horien inguruan hasi zen Gestionet euskal kulturari lotutako minijokoak sortzen, ez soilik herri kirola simulatzaileak, euskal kulturaren erakusleak ere garatu zituelako, hots, bertsolaritza, geografia, mitologia …

Gestioneten Sei Baietz! bideo-jokoarekin alderatuz askoz ere sinpleagoa da Izan kirolari. Hasteko, Izan kirolari ez zen bideo-joko bezala saldu, izan ere, Facebook plataforman eskuragarri izateko planteatu zen.

Sei herri kirol beharean soilik bi mini-joko aurkezten ditu: txinga eta aizkora probak. Hala ere, hasierako menuan hiru aukera daude: denda (zeinetan hainbat objektu eskuratu daitezke), apostu etxea eta herriko plaza. Azken honetan sartuta bi mini-jokoen artean aukeratu ahal da.

Aurrekoan ez bezala ezin da pertsonaia hautatu eta gizon bat da protagonista. Jolastu ahala pertsonaiaren habilezia eta maila handituko eta gainera txaponak irabaziko ditugu dendan xahutzeko.

Jostagarritasunari dagokionez, berriro ere oso sinplea den joko baten aurrean gaude. Mini-joko bakoitzaren hasieran jarraibideak azaltzen dira eta jolasteko soilik ordenagailuko arratoia beharrezkoa da, ondorioz, arratoiarekin koordinazioa eta estrategia landu behar da emaitza hoberenak lortzeko.

Aizkora erabiltzerakoan enborraren ezker eta eskuin aldeetan kolpeak eman behar dira. Saguaren ezker botoia indarra hartzeko erabiltzen da, baina denbora luzez klikatuz gero oreka galdu daiteke. Jolasterakoan indar barra berde bat ikusi daiteke, zeina zenbat eta kolpe gehiago eman, indarra gero eta gehiago jeitsiko da. Indarra berreskuratzeko une batez jokatzeari utzi behar da deskantsatzeko.

Txinga probari dagokionez, kontuan hartzeko bi parametro daude: ezkerraldeko barran sakatu behar da, kontuan hartuta behekaldeko barran gezia non dagoen. Beraz, koordinazioa oso garrantzitsua da.

Bigorringo soinu estudioak bideo-joko honetan parte hartu zuen diseinua, musika eta efektuak garatzen. Esanguratsua da hondoko musika, zeina panderoa, trikitrixa eta ahots bat aurkezten duena. Bigorringo Txapelgameseko beste bideo-jokoetan ere parte hartu zuen.

Bideo-joko hau garatzeko Gestionetek 2011an Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen. Gaur egun, software gaurkotzeak direla eta bideo-jokoa ez dago eskuragarri, baina jarraian duzuen gameplayean jokoa nola da ikusi dezakegu.

Bibliografia:

ARTAZA, Gorka. ¿Quieres convertirte en el nuevo Iñaki Perurena sin moverte de la silla? 2009/02/09 https://www.20minutos.es/noticia/449079/0/videojuego/herri/kirolak/

BIGORRINGO http://www.bigorringo.com/

BOPV https://www.euskadi.eus/bopv

GESTIONET https://gestionet.net/

Irudi guztien jabetza: Gestionet