Dinbi-danba! Aizkolaritza bideo-jokoak (III): Bilbon, periferikoekin eta guzti

Maitane Junguitu | 2020/08/05 11:00 AnalisiakEuskal jokoak



Aizkolaritza eta bideo-jokoak uztatzeko momentuan hainbat adibide ikusi ditugu aurreko bi erreportaietan. Alde batetik, Gestionetek ordenagailuan jolasteko herri kirol simulatzaileak aztertu genituen SeiBaeitz! eta Izan Kirolari. Bestalde, IOS sisteman jolasteko bi aplikazioak ikusi genituen: Aizkolari eta Ultimate Aizkolari Training. Erreportai honetan aurreko adibideekin alderatuz oso desberdina den bideo-jokoa aurkezten dugu, Gure kirolak 1.0, aizkolaritza periferikoen bitartez prakiktatzea dakarrena. Bukatzeko, enbor mozketa aizkolaritzaz haraindiko kasu batzuk aipatuko ditugu.

Gure kirolak 1.0: Alhondigaren enbor-mozketa simulatzailea

Gaur egun Azkuna Zentroa izena duen kultur etxeak 2010 eta 2018 urteen tartean bideo-jokoekin lotutako ekitaldi bat garatu zuen urtero. Hasieran hóPLAY izena hartu zuen ekintzak eta gero, Alhondigaren izena aldatzearekin batera ekitaldiak ere izena aldatu zuen AzPlay bihurtuz. Hasieratik ekitaldi horren komisarioa Hafo garatzailea izan zen, Animatu enpresako kidea eta Aizkolari iPhonerako aplikazioaren burua.

2010 urtean, hóPLAY promozionatzeko Haforen taldeak bideo-joko bat garatu zuen, ihoku. Hau Alhondigan girotutako plataforma joko bat da. Horretaz gain, promozioaz arduratzen zen Waskman publizitate agentziak beste promozio bide bat bideratu zuen: Gure kirolak 1.0 bideo-jokoa. Agentzia honek ideia garatu eta ekoiztu zuen, baina Hafok gainbegiratu zuen.

Bideo-jokoak kalera ateratzeko asmoarekin eta hóPLAY ekitaldia ezagutarazteko asmoarekin periferikoetan oinarritutako aizkolaritza simulatzaile bat prestatu zuten. Beraien helburua zerbait ikusgarria prestatzea zen, jendea bideo-jokoetara erakartzeko.

Bideo-jokoa enbor mozketa imitatu eta neurtzen duen periferiko bati lotuta dago. Honek alde batetik aizkora zeukan eta bestetik enborra. Aizkora egurrezko helduleku batek eta Wii kontsolaren aginte batek osatzen dute. Horren bitartez aizkorakaden indarra eta norabidea neurtzen dira. Informazio guzti hori ordenagailu batek jasotzen du —elektronika propio eta bi Mac Miniz osatua— eta pantaila batean ikuskatzen da jokalariak egiten dituen puntuak eta jolastutako denbora.

2010eko ekainaren 26an Bilboko Arrikibar plazan aurkeztu zen eta haur eta helduen txapelketa bat egin zen, herri kirolak ikusteko sarrerak lehiaketaren saria izan zirelarik. Plaza benetako herri kirol txapelketa bat bezala apaindu zen, ikurriña txikiak eskegiz. Gainera, ekitaldi hau promozionatzeko Bilboko errepideetan zehar Mario Kart pertsonaiez mozorrotutako kart gidariak zabaldu zituzten. Aurkezpen hau hainbat hedabideetan agertu zen, esaterako, TVEn.

Uda horretan, hóPLAY ekitaldia promozionatzeko asmoarekin Euskal Encounter 18an Gure Kirolak 1.0 frogatzeko aukera egon zen.


Kuriositateak eta aizkolaritza euskal bideo-jokoetatik haraindi

Enbor mozketa ez da euskaldunok esklusiboki lantzen dugun teknika ezta kirol bat, eta horren adibide asko ditugu bideo-jokoetan ere.

Kasu horiek aztertzen hasi baino lehen, kuriositate bati so egin behar diogu. Izan ere, aizkolaritza euskadun nortasunaren adibide bezala landu egin zen zaleek egindako Pokemon Iberian. Bideo-joko honetan Bilboko hiria bisitatzerakon bi pokemon entrenatzaile aizkolari agertzen dira. Hauek aizkolari Markel eta aizkolari Unai dira eta biek altzairu motatako pokemonan dituzte, aizkoraren materiala dela eta. Ez dute egurrik mozten jokuan, baina zalantzarik gabe euskal ondarearen erakusle direlako hautatu dira hauek.

Esan bezala, aizkolaritza euskal fenomeno gisa lantzen ez duten enbor mozketa bideo-joko asko daude. Kasu batzuetan, bideo-joko osoaren funtsa egurra moztea da, Timberman, Timber, Lumberjack VR, eta Chop and Drop VR kasu. Beste kasu batzuetan, minijoko bezala aurkitzen dugu egur mozketa, Nintendoren Wario Ware sagan adibidez, edota baliabideak lortzeko ekintza huts bezala, Minecraft, Farming Simulator edo Animal Crossing New Horizons batzuk aipatzearren.

Ikusi dugun bezala aukerak anitzak dira dinbi-danba aritzeko!

 

Bibliografia:

BIZKAIE!. Alhóndiga Bilbaok aizkolari txapelketea antolatu dau, bideo-joko baten bitartez, Arriquibar plazan. 2010/06/24. https://bizkaie.biz/1462827289856

HAFO. HóPLAY 2010. https://www.hafo.biz/hoplay-2010/

POKEMON IBERIA WIKI. https://pokemon-iberia.fandom.com/es/wiki/Pok%C3%A9mon_Iberia_Wiki

ZABALLA, Julen. LOAD"": Euskal bideojokoen historia (1985-2009), 9 bolumena, Artea eta bit-ak. Donostia-San Sebastián: Tabakalera. https://www.tabakalera.eu/sites/default/files/proyectos/2016/05/load_9_artea_eta_bit-ak.pdf

Elkarrizketa: Hafo

Irudi guztien jabetza: Hafo eta Waskman.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

185
Kide

2
Jolasten

10
Online

Azken erantzunak

Jon7 EUSKALDUNA Nov. 9, 2020, 8:55 p.m.

jo ba doakoa da azkenean, epic ean behintzat. Oso txukuna nere ustez, modu desberdinak dauzka baina betiko erlojuaren aurkakoan, zure probintziako ra…
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…