GOG plataformako zainketa programako hobekuntzekin estreinatu dira, egungo gailuetarako eraldaketekin.

Capcom-ek Dino Crisis 1 eta 2 argitaratu ditu Steam plataforman.

Orain urtebete GOG plataforman kaleratutako bertsioak dira, hain zuzen, Valve-n saltokira heldu direnak. Hori horrela, GOGen zainketa programarako (GOG Preservation Program) prestatutako hobekuntza eta berritasun guztiekin eros ditzakegu Steamen.

Windows 10 zein 11 sistema eragileetan funtzionatzen dute bi tituluek. DirectX errenderizazioa, 4K bereizmena, egungo aginteentzako euskarria nahiz egonkortasun eta gordetako partiden zuzenketak gaineratu zizkieten; are gehiago, sinkronizazio bertikala, gamma zuzenkeak edo anti-aliasing aukerak ere biltzen dituzte.

Modalitate guztiekin datoz: Lehenengo jokoan Original, Arrange nahiz PCko esklusiboa zen Operation Wipe Out modalitateak ikusiko ditugu, eta zailtasun maila erraza, Dino Colosseum eta Dino Duel, bigarrenean.

Survival horror klasikoak banaka saltzen dituzte. Resident Evil sagaren oinarriak hartu, baina zonbiak eta birusek mutatutako munstroak dinosauroengatik ordezkatzen ditu Dino Crisisek: bigarren atala akziora gehiago bideratu zuten japoniarrek.

Dino Crisis 1 eta 2 Steam zein GOG plataformen bidez eros dezakegu PCan; gainera, PlayStation 5 eta PlayStation 4 bertsioak eskaintzen ditu Capcomek.