Proiektua Gamecubera eraman eta Star Fox Adventuresen bilakatu zen.
Nintendoren historia gordetzeko asmoz eratutako Forest of Illusion bideo-jokozaleen taldeak Dinosaur Planet jokoaren ale bat argitaratu du sarean. Rare Nintendo 64rako garatzen ibilitako joko hau orain arte jokatu ezin zen arren, eskuratutako rom fitxategiarekin ezkutuko altxor hau nazioarteko jokalarien artean zabaltzea lortu dute.
Rom fitxategiak arazo batzuk eman ditzakeela nabarmendu du zale taldeak, izan ere ez da bideo-jokoaren azken bertsioa. Emulatzaileak erabilita hainbat akats aurki daitezke, baina flashcartak erabilita arazorik gabe jokatu daitekeela adierazi dute.
Azaldu dutenez, bideo-jokoaren prototipo hau Suediako bildumazale bati erosi diote. Interneten zabaldutako bertsioa 2000. urteko abendukoa dela azpimarratu dute, abenturaren garapena oso aurreratuta zegoenekoa. Hori horrela, ia abentura guztia igarotzea posible dela diote zaleek, baina halere bukaerara arte aritzeko aldaketa batzuk beharrezkoak izango direla aldarrikatu dute.
Dinosaur Planet jatorrizko Nintendoren 64 bitseko kontsolarako proiektua zen arren, azkenean Gamecubean kaleratu zen askotariko aldaketekin eta beste izen batekin. Izan ere, Fox McCloud izan zen azkenean bideo-jokoaren protagonista: Star Fox sagako azeria kontrolatuz bukatu zuten jokalariek Star Fox Adventuresen 2002. urtean. Forest of Illusionek elkarbanatutako alean hori bera ikus daiteke. Hasiera batean protagonista guztiz ezberdina izan zuen arren, Dinosaur Planeten azken bertsioek Fox zeukaten pertsonaia nagusi modura.
Bertsio hau argitaratu denez, ikusteko dago zaleen komunitateak jokoa amaierara arte jokatu ahal izatea lortuko duten.
Iruzkinak