Disco Elysium – The Final Cut eduki berriak gehituko dituen doako gehigarria izango da PCko jokalarientzat. PlayStation 5eko eta 4ko bertsio
ZA/UM garatzaileak Disco Elysium arrakastatsuaren behin betiko edizioa iragarri du. Disco Elysium – The Final Cutek era guztietako eduki berriak eta hobekuntzak gehituko dizkio joan den urtean estreinatutako rol abenturari.
Martxorako aurreikusitako bertsioa doako gehigarria izango da dagoeneko erosi duten jokalarientzat. Ikuspegi politiko berriak, pertsonaiak, misioak, kokaleku guztiz berria eta azkenik, bikoizketa osoa izango dira Final Cutek ekarritako edukiak.
“Final Cut edizioa Disco Elysiumen jabe guztientzako doakoa izango da”, adierazi dute garatzaileek Steameko jokoaren gunean. “Jatorrizko jokalariek esperientzia ezer ordaindu gabe hedatu ahalko dute, eta jokalari berriek gehitutako edukitaz lehen partidatik gozatuko dute”. Horrez gain, PCan agintearekin jokatzea ahalbidetuko dute.
Aginteak aipatuta, Disco Elysium PlayStation 5erako eta 4rako ere kaleratuko dituzte. Final Cut bertsioarekin batera iritsiko da RPGa Sonyren kontsoletara martxoan. Edizio fisiko bereziarekin egingo du, baina digitalki ere erosi ahalko da.
PlayStationeko argitaratze data ezarrita, aspalditik iragarrita dauden Xboxeko eta Switcheko bertsioen kaleratze egunak geratzen dira zehazteko.
Iruzkinak