Jatorrizko jokoa erosita dutenentzat doakoak izango dira behin betiko ekarriko dituen edukiak. Udan kaleratuko dute Switchen eta Xboxen.
ZA/UM garatzaileak abendu bukaeran jakitera eman zuen bere Disco Elysium bikainaren behin betiko edizioa prestatzen ari dela. Disco Elysium: Final Cuten argitaratze data iragarri dute trailer baten bidez: martxoaren 30ean kaleratuko dute PC, PlayStation 5, PlayStation 4 eta Googlen Stadia streaming zerbitzuan.
Rol joko bitxi zein berezi honetan amnesiadun polizia baten kontrola hartuko dute jokalariek: beraien esku egongo da bere ideologia zein nortasuna zehaztea erabakiak ardatza diren istorio aparta eratuta. Final Cut bertsioak lau misio, ikuspegi politiko berriak, pertsonaiak eta kokalekuak gehituko dizkio kritika zein jokalarien artean izugarrizko arrakasta lortu zuen jatorrizko jokoari.
Misio berriak “aspalditik prest” zituzten garatzaileek, baina Disco Elysium kaleratzerakoan kanpoan gelditu zirenez, “ideia horiek berrikusi eta forma emateko aukera aproposa” izan dutela azpimarratu dute. Pertsonaia guztientzako bikoizketa ere ekarriko du behin betiko eguneraketak.
Bere garaian Disco Elysium PCrako erosi zuten jokalariek doan jasoko dituzte aipatutako eduki guztiak. PlayStation kontsoletan eta Stadian lehen aldiz jokatu ahalko da ZA/UMen jokora. Garatzaileek zehaztu dutenez PlayStation 5erako alderdi teknikoan hobekuntzak prestatu dituzte: 4K-ko bereizmenera eta segundoko 60 irudiko tasara gozatu dezakete jokalariek.
Xbox Series, Xbox One eta Nintendo Switcheko jokalariek ere jasoko dute jokoa, baina pixkat itxaron beharko dute: udan zehaztu gabeko egun batean merkaturatuko dute Disco Elysium: Final Cut plataforma horietarako.
Iruzkinak