Lehen tituluaren sortzaileak egon ez arren, jarraipenean lan egiten dabiltza orain. Taldearen inbertsoreen erabakia izan dela azpimarratu du Martin Luiga sortzaileak.
Disco Elysium da, inolako zalantzarik gabe, azken urteotan jaso dugun bideojokorik berezienetakoa eta bitxienetakoa. ZA/UM estudioaren rol abenturak pertsonai ahaztezinez betetako gidoi sakona eta bakarra eskaini zigun 2019an. Zoritxarrez, hori sortu zuen taldea hautsi egin dela dirudi; are gehiago, jatorrizko jokoaren sortzaileek estudioa “nahi gabe” utzi dutela zabaldu da sarean.
Martin Luiga ZA/UM kultur elkarteko arduradunak egindako adierazpenetan aipatzen duenez, “Robert Kurvitz diseinatzaile nagusiak, Helen Hindpere idazleak eta Aleksander Rostov arte zuzendariak enpresa nahi gabe utzi zuten 2021eko bukaeran”.
Adierazpenen ostean, Rostovek hartu du hitza Twitter-en: “Estudioan ez dugula jarraitzen baieztatzen dugu”, adierazu du bertan, Kurvitzen eta Hindperen sinadurekin batera. Estudioko inbestitzaileen hartutako erabakiaren ondorioa dela dirudi Luigak iradokitakoen arabera: hauek “kleptomanoekin” alderatzen ditu artikuluko iruzkinetan.
Horrez gain, kultur elkartea sakabanatu egingo dela aipatzen du Luigak: “Ez du eratu zeneko nortasuna ordezkatzen”. Egindakoa ospatzeko ere aprobetxatu du. “Denbora batez, ederra izan zen. Nire esker onik beroenak gure alde egin dute guztientzat”.
Hori bai, estudioa eta kultur elkartea bi erakunde guztiz desberdin direla nabarmendu beharra dago: horixe bera aipatzen du Luigak argitaratu duen artikuluan. ZA/UM estudioak bizirik jarraitzen du, eta Disco Elysiumen jarraipean lan egiten ari da, gainera.
“Lurraz haraindiko inguruneak” aipatzen dira taldeak argitaratutako lan eskaintzan. Horrez gain, zientzia fikzioa eta bideojokoak maite dituzten artistak bilatzen ari dira. Luigak ere jarraipenari buruz hitz egin du, eta, kontrakoa pentsa daiteeken arren, iritzi positiboa agertu du. “Jarraipenaren kontuak ondo doazela pentsatzen dut”, aipatu du Twiterren. “Agian denbora mordoa beharko du, baina RPG zaleak itxarotera ohituta daude”.
Iruzkinak