Switch-eko bertsioarekin batera estreinatuko da ZA/UM garatzailearen rol abentura aparta Microsoft-en kontsoletan.
Bi urteko itxaronaldiaren ondoren, Xbox kontsoletako jokalariek azkenik jokatu ahalko dute 2019ko ezusteko handienetakora: ZA/UM estudioak trailer baten bidez iragarri du urriaren 12an estreinatuko dela Disco Elysium rol jokoaren The Final Cut bertsioa.
Horrela, Nintendo-ren Switch kontsola hibridoaren bertsioaren argitalpenarekin batera merkaturatuko dutela baieztatu du erresuma batuko estudioak. The Final Cut bertsioak askotariko aldaketa eta hobekuntzak batzen ditu: lau misio berri, jokoaren bikoizketa osoa eta kontsoletako aginteentzat bereziki prestatutako kontrolak gaineratzen ditu eguneraketak.
Bildumazaleentzako edizioa ere jasoko du Disco Elysiumek iam8bit-en eskutik. Bideo-jokoarekin batera adimenaren totem figura, istorio laburrak eta marrazkiak biltzen dituen 190 orrialdeko liburua.
Martinaise-n mapa eta guzti hauek gordetzeko kaxa berezia bilduko ditu 249,99 dolarretara argitaratuko den edizioak. 2022ko hirugarren hirulabetean salgai jarriko dute, baina aurretik edizio fisiko arrunta estreinatuko da azaroaren 9an.
Amnesiadun polizia bitxia izango da rol joko honen protagonista. Bere nortasuna eta ideologiak hautatzea jokalariaren esku egongo da BAFTA Games Award sari garrantzitsuetan hainbat kategoria irabazi dituen Disco Elysiumen.
Disco Elysium: The Final Cut urriaren 12an estreinatuko da Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletan. Bertsio bera dagoeneko eskuratu daiteke PC, PlayStation 5, PlayStation 4 eta Google Stadia plataformetan; jatorrizko bertsioa zutenek Final Cut doan jaso zuten martxoaren 30ean argitaratu zenean.
Iruzkinak