Adin txikikoei zerbitzari edo eduki mota batzuetara sarbidea mugatzen hasiko dira. Azaldu dutenez, “erabiltzaileen gehiengoak ez du ezer egin beharko”.
Discordek adin egiaztapena inplementatuko eta eskatuko du martxotik aurrera. Mezularitza eta foroen plataforma ezagunak nortasun agiriak zein aurpegi eskaneatzeak edo argazkiak eskatuko ditu erabiltzaileak adindunak direla egiaztatzeko.
“Nerabeentzako Discord seguruagoa” lelopean, prozesua burutzen ez duen erabiltzaile oro “adin txikikotzat” joko du plataformak. Ondorioz, ezingo ditu zerbitzari edo eduki zehatz batzuk ikusi —zuzeneko kateak eta Discordentzat hunkigarriak diren irudiak nabarmentzen dira—: horietarako sarbidea mugatuko dute Discorden arduradunek.
Erabiltzaileek kezka handiz hartu dute erabakia. Norbere datu garrantzitsuak eskaini behar izateaz gain, Discordek joan den urrian bizitako segurtasun haustea azpimarratzen da: hirugarrenen enpresa batek kudeatutako bezeroentzako arreta zerbitzuaren bidez 70.000 erabiltzaileren datuak lapurtu zituzten.
Plataformaren arduradunek, publikoa lasaitzeko helburuarekin, adindunak direla egiaztatzerakoan “erabiltzaileen gehiengoak ez duela ezer egin beharko” aipatu dute. Adierazpenak ez dira guztiz lasaigarriak izan, baina: diotenez, “Discorden adin emaitza ereduak kontuaren informazioa, gailua edo aktibitatea kontuan hartzen ditu”; hortaz, adindunak identifikatzeko gai izango da konturik zaharrenetan. Azpimarratzen denez, prozesuan “ez dute mezu pribaturik edo edozein motatako edukirik erabiltzen”.
Alternatiba bila
Azken urteotan foro plataforman bizitako hazkundea ikaragarria izan da. Pandemia garaian eztanda ikusi zuen, hileroko 100 milioi erabiltzaile aktiboak gaindituta; egun, baina, indar betean jarraitzen du, 2025ean 259 milioi erabiltzaile aktibo —eta 656 milioi izen emate— bilduta.
Iragarpenetik hona, sarean egindako “Discorden ordezkoak” bilaketak % 10.000 areagotu direla nabarmentzen dute Windows Central agerkaritik.
Discord zein beste plataformetan alternatiba librea aurkitzea zuhurra izan litekeela diote Game Erauntsiatik: euskal bideojokozaleen elkarteak, adibidez, Lemmy.eus plataforman komunitatea sortzeko erabakia hartu du, reddit famatua ordezkatzeko erabili daitekeen alternatiba libre eta federatua dela adierazita.
Lander Unzueta
Iruzkinak