Kaliforniako enplegu departamentuak bi urte iraun dituen ikerketaren ostean erabaki du salaketak jartzea. Enpresak egotzitakoak ukatu ditu.
Activision Blizzard bideo-jokoen enpresa kaliforniarrari arraza eta genero diskriminazio eta sexu jazarpen salaketak jarri dizkio Kaliforniako enplegu eta etxebizitza departamentuak. Uztailaren 20an aurkeztutako demandan enpresako langileek lanpostuan jasandako giroa eta jazarpenak laburbiltzen dira.
Bi urteko iraupena eduki duen ikerketaren ondorio zuzena izan da egindako salaketa. Txostenean agertzen denez, Activision Blizzarden baitan bro culture deitutako jarrera ematen da hainbat langileren artean; AEBetako unibertsitateko anaitasunetan sortzen den antzeko giro honen baitan emakumeek “izaera sexualeko igurtziak eta bortxaketei buruzko komentarioak” jasan behar izan dituzte, gizonak “bideo-jokoetara ibili diren bitartean”.
Guzti horrez gain estudioko emakumezkoek lan bera egiteagatik ordainsari eskasagoak eta mailaz igoteko aukera murritzagoak aipatzen dira ikerketaren txostenean; azken egoera hori are nabarmenagoa izaten da emakume beltzen kasuan. Haurrak haurtzaindegitik batzeko lanetik irten behar izateagatik kritikak jasan izan dituzte emakumeek, eta edoskitze geletatik kanporatuak izan dira horietan gizonezkoek bilerak burutzeko helburuarekin.
Jazarpen eta jarrera hauengatik langile batek bere buruaz beste egin zuela jasotzen da demandan.
Activision Blizzardeko arduradunek zein giza baliabideen departamentuak egoera kudeatzeko “behar besteko ahalegina ez egitea” ere azpimarratzen du txostenak. Kexak eta salaketak jarri zituzten langileen konfidentzialtasuna babesteko esfortzu eza nabarmentzen dute, hauek ondoren beste langileen errepresaliak jasan behar izanik.
Kaliforniako enplegu eta etxebizitza departamentuak enpresaren, gaur egun lanean jarraitzen duten langileen eta kalteak jasandako langileen artean bitartekari lanak egin ditu, akordio batera heltzeko helburuarekin. Kaltetutakoek ez dute hitzarmen batera iritsi nahi izan, eta beraz departamentuak Blizzardi kalte guztiak ordaindu eta langileak konpentsatzeko agindu dio.
Activision Blizzardek egotzitako salaketa guztiak ukatu ditu. Enpresaren langileriaren %20a osatzen dute emakumezkoek.
Iruzkinak