Aladdin-en SNES-eko bertsioa ere gehituko dute Nighthawk Interactive-koek bilduma berri honetan.
Disney Classic Games Collection bilduma 2019an merkaturatu zuten Disneyk eta Nighthawk Interactivek. The Lion King eta Aladdin filmen bideo-joko klasikoen hainbat bertsio batu zituzten bertan. Orain bilduma hau gaurkotu egingo dutela iragarri dute Oihaneko Liburua-rekin (Jungle Book).
Zehazki SNES, SEGA Mega Drive eta Game Boy kontsoletarako argitaratutako bertsioetara jokatu ahalko da bilduma zaharberrituan. Birmasterizatuta egongo dira gainera: 1080p-ko bereizmenean jokatzeko prestatu dituzte, askotariko hobekuntzekin.
Ez da bildumak jasoko duen berritasun bakarra, baina. Aladdinen SNESeko bertsioa faltan bota zuten zaleek jatorrizko bilduman, eta hortaz hori gehitzeko lana ere hartu dute Nighthawkekoek. Modu horretara Aladdinen SNES, Mega Drive, Game Boy eta Game Boy Color bertsioekin gozatu daiteke azkenik Disney Classic Games Collectionean.
Bilduma originalak beste joko bat ere eduki zuen, baina kasu honetan ez dute aldaketarik edo berritasunik aipatu. The Lion King arrakastatsuaren SNES, Mega Drive, Game Boy eta Game Boy Color kontsoletako bertsioek jarraituko dute joko sortan.
Horiekin batera jokoen soinu banda entzuteko aukera, era guztietako irudiak eta bitxikeriak eta gehiago batuko ditu bideo-jokoak.
Disney Classic Games Collectionen bertsio berria udazken honetan kaleratuko dute PC, PlayStation 4, Xbox One eta Switch plataformetan. Data zehazten duten bitartean beste zalantza bat dago argitzeke: jatorrizko bilduma erosi zutenek berritasun hauek eguneraketa bidez jasoko dituzten jakitea.
Iruzkinak