Fortnite-n sortutako unibertsoa jasoko dute Disney, Star Wars, Marvel, Pixar eta gainerako marken pertsonaiek.
Epic Gamesek eta Fortnitek hazten jarraitzen dute. The Walt Disney Company taldeak Epicen zati esanguratsua nahi du: 1.500 milioi dolar inbertituko ditu Tim Sweeney-ren enpresan.
Hori horrela, iturriek diotenez Epic Gamesen akzioen % 10 inguru lortuko luke Disneyk. Gaur egun Tim Sweeney da enpresaren jabea akzioen % 51 eskuratuta; berarekin batera daude Tencent (% 40), Sony (5,4) eta Kirkbi A/S (% 3,2).
Bob Iger Disneyko arduradun nagusiak aditzera eman duenez, “bideojokoen mundurako sarrerarik handiena da Disneyrentzat, hazteko zein hedatzeko aukera paregabeak eskainita”.
Nola ez, lehen elkarlan handia Forniten emango da. Battle royale estiloko bideojokoa hori baino askoz gehiago izatera iritsi da azken hilabeteotan; izan ere, gaur egun Roblox estiloko bideojokoen zentroa dela esan dezakegu, hainbat proposamen desberdin bilduta.
Horretaz aprobetxatuko dira Disneykoak, euren mundu eta marka desberdinetarako berezko unibertsoa sortuta. Star Wars, Pixar, Marvel edo Disney marketako ekoizpen desberdinetako pertsonaiak eta kokalekuak “unibertso digital iraunkorrean” bateratuko dituzte. Arduradunek diotenez “erabiltzaileek edukiokin jokatzeko, ikusteko, erosteko eta elkarreragiteko aukera anitzak eskainiko dituzte”.
Argitaratutako trailerrean adierazten denez, Fortnite barruko unibertso berria “laster” abiatuko dute, baina ez dute data zehatzik aipatu.
Iruzkinak