PCan eta PS5ean estreinatuko da. AdHoc taldearen lehenengo lana da, Telltale Games-eko beteranoekin.
Dispatch interesgarriaren argitaratze data iragarri du AdHoc Studio-k. Urriaren 22an kaleratuko du superheroiak bulegariekin elkartzen dituen estrategia titulua.
Ordenagailuetan zein PlayStation 5 kontsolan jokatu ahalko dugu. Proposamen benetan bitxia da Dispatchena. Robert Robertson-en rola jokatuko dugu: Mecha Man superheroia da. Hala ere, ez dugu borroka zirraragarrietan parte hartuko berarekin: armadura berezia apurtu ondoren, bulegari lanetan hasiko da superheroien larrialdi zerbitzuan.
Superbilau ohien taldea gidatu beharko dugu, gainera: lanegun bakoitzerako taldea osatzea izango da lehen pausoa, heroi berrien indarguneak eta ahulguneak kontuan hartuta. Ondoren, hiriko mapan agertuko zaizkigun larrialdi deiei erantzun beharko diegu, bakoitzera superheroi bat bidalita. Erabakiak hartzeko bizkortasuna eskatuko digu jokoak, eta, batzuetan, erronka edo ekintza bereziei ere erantzutea izango da gure lana.
AdHoc Studio berriaren lehen lana bada ere, Telltale Games mitikoko garatzaileek eratutako taldea dela esan beharra dago. Hori horrela, Dispatchek estrategia mekanikak erabakiz betetako istorio sakonarekin uztartuko ditu: The Wolf Among Us edo Tales from the Borderlands jokoen egileak daude atzean, eta estetikan, umorean zein jokagarritasunean nabari da.
Atalkako formatuari eutsiko diote egileek, baina ez dugu askorik itxaron beharko jokoa osorik edukitzeko: bi atal jasoko ditugu argitalpen egunean; gainerakoak, ondorengo lau asteetan kaleratuko dituzte.
Premisa erakargarria iruditzen baldin bazaizu, doako demoa probatzeko aukera daukazu. Lehen misioa azalduko zaigu bertan, mekanikak ezagutzeko eta probatzeko egokia.
PC eta PS5 plataformetan estreinatuko da Dispatch urriaren 22an.
Iruzkinak