Baldur’s Gate 3 baino bideojoko handiagoa prestatzen dabiltzala adierazi du Swen Vincke zuzendariak.
Larian Studios taldeak Divinity joko berria aurkeztu du The Game Awards sarietan.
Trailer zinematiko odoltsu bezain ikaragarriarekin batera ezagutarazi dute rol abentura. Hori bai, ez dakigu askoz gehiago: plataformak zein kaleratze data, baita generoa ere, ezezagunak dira oraingoz.
Izan ere, frankiziaren arrakasta 2014. urteko Divinity: Original Sin azpisagarekin batera hasi zen. Kasu honetan, CRPG tituluen aurrean geunden; hau da, Baldur’s Gate 3 bezalako jokoen mekanikak eta oinarriak hartzen dituen txandakako rol abentura klasikoak dira Original Sinak. Divinity zaharrenak, baina, 2002ko Divine Divinity-tik hasita, Diablo bezalako jokoen ARPG elementuak dituzte ardatz. Hortaz, ikusteke dago atal berriarekin nondik joko duten.
“Aurretik egindakoa leku bakarrean batzeko prest gaude”, aitortu du Swen Vincke Larianen sortzaileak eta jokoaren zuzendariak. “Hau da betidanik egin nahi izan dugun Divinitya, eta gozatu egingo duzu”. Hori esanda, estudioaren orain arteko jokorik handiena izango dela agintzen dute: BG3ren arrakastarekin beste maila batera igarotzeko gogotsu daudela dirudi.
Divinity berriak, esan bezala, ez dauka argitaratze datarik.
Lander Unzueta
Iruzkinak