Arc System Works-en borroka joko berria da, Eighting-ekin batera sortua. Borrokalari gehiago aurkeztu dituzte.
Aurkezpen eta bideo mordoa erakutsi ondoren DNF Duel ikusgarriak azkenik zehaztu du bere argitalpen data: ekainaren 28an kaleratuko da borroka jokoa PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletan nahiz PC-an.
Ohi bezala, trailer motzarekin baina akzioz betetakoarekin egin dute iragarpena arduradunek. Neople estudioaren Dungeon Fighter Online frankizian oinarritutako lana da DNF Duel: joko arrakastatsuko pertsonaiak batuko ditu jostagarritasun bidimentsionaleko borroketan.
DFO-ren pertsonaia sorta zabaletik Duelera iritsiko diren borrokalari berriak ikusi ahal izan ditugu. Lehena, Ghostblade misteriotsua da. Ezpatari misteriotsu honen estiloa bizkorra eta ikusgarria izango da: bakarka borrokatu beharrean izpiritu batekin ariko da konbo hilgarriak egiteko. Ghostbladekin batera Mechanic baieztatu dute garatzaileek: honen jokatzeko era ikusi barik geratu gara, baina behintzat jokoan edukiko duen itxura erakutsi dute.
Modu horretara, momentuz hamabi borrokalari daude baieztatuta bideojokoan. Ekainaren aurretik are pertsonai gehiago ikusiko ditugula aurreikusten da.
Borroken generoko Guilty Gear, Dragon Ball FighterZ zein GranBlue Fantasy: Versus bikainen garatzailea ari da DNF Duel prestatzen: Arc System Workseko japoniarrak oso ezagunak dira borrokazaleen artean, eta orain arte ikusitakoagatik maila bera mantenduko dutela dirudi. Beraiekin batera ari dira, gainera, Eightingeko garatzaileak. Bloody Roar bezalako obra maitatuen arduradunak dira.
DNF Duel ekainaren 28an estreinatuko da.
Iruzkinak