1.03 eguneratzea ere argitaratu dute PlatinumGamesekoek: pertsonaia sekretuak lortzeko bide errazagoak ahalbideratu dituzte.

Maiatz honetan kaleratu zuen PlatinumGamesek jatorriz Wii Uan argitaratutako The Wonderful 101 akzio jokoaren birmasterizazioa. Power Rangerren telesailetan inspiratutako superheroiz betetako abentura horrek doako demoa jaso du estreinatutako plataforma guztietan.

Wonder-Size Cadet Demo izenarekin, frogak The Wonderful 101 Remastereden sarrera jokatzeko aukera eskaintzen du: lehen operazioko misio guztiak daude bertan, jokoa ezagutzeko aukera ezin hobea eskainita.

Demoak joko osoak dituen sekretuetako batzuk biltzen ditu gainera: Wonder-Bayonettarekin jokatu daiteke bertan, Bayonetta hack and slash ezaguneko protagonista hain zuzen ere. Ez hori bakarrik, demoan egindako aurrerapen guztiak joko osora eraman ahal direla adierazi dute garatzaileek, hori erosteko erabakia hartuz gero noski.

Doako frogaz gain 1.03 eguneraketa argitaratu dute Platinumekoek. Adabakiak pertsonaia sekretuak desblokeatzeko bide errazagoak eskaintzen ditu: UMBRANGIFT kodea erabilita Wonder-Bayonetta eskuratu ahalko da, eta ANGELSLAYERS kodearekin Wonder-Jeanne eta Wonder-Rodin lortuko dira.

Aldez aurretik pertsonaia horrek desblokeatzeko bideak oso zailak ziren. Etorkizunean superheroi sekretu gehiago eskuratzeko kodeak zabalduko dituztela nabarmendu dute garatzaileek.

The Wonderful 101 Remastered PC, PlayStation 4 eta Switchean eskuratu daiteke. Jokoari buruz gehiago jakin nahi baduzu, Game Erauntsian analisia idatzi genuen maiatzean.