Sei istorio berri, desblokeatzeko eduki gehigarriak, soinu banda berria eta atal tekniko hobetua izango ditu nobela bisual berezi honek.
Doki Doki Literature Club! 2017an arrakasta erraldoia lortuta estreinatu zen nobela bisuala izan zen. Doako abentura honek Japoniako ikastetxeetan horren ohikoak diren literatura elkarteko kideak ezagutzea eta horiekin harremantzea proposatzen du. Jatorrizko obrako edukiak hobetu eta zabaltzen dituen Doki Doki Literature Club Plus bertsioa prestatzen ari dira orain Team Salvato-ko garatzaileak, eta ekainaren 30erako prest edukiko dute.
Era guztietako hobekuntza eta berritasunekin estreinatuko da Plus bertsio hori. Jokoaren gidoia sei istorio guztiz berriekin luzatuko dute: adiskidetasuna eta literatura izango dira horien ardatzak, eta hainbat orduko iraupena edukiko dutela diote arduradunek.
Horrez gain 100 irudi baino gehiago desblokeatu eta ikusteko aukera eskainiko dute: ilustrazioak, kontzeptu-esketxak eta gehiago agindu dituzte. Soinu banda hazi egingo da bertsio berriarekin; guztira 26 abesti bilduko dituzte, eta horietatik 13 Nikki Kaelar artistak konposatutako doinu guztiz berriak izango dira. Musikaz gozatzeko erreproduktorea ere gehituko dute gainera.
Bukatzeko, bereizmen handira igaroko direla aurreratu dute: jokoaren irudi guztiak 1080p-ko bereizmenean ikusi ahal izango dira bertsio honetan.
Sayori, Natsuki, Yuri eta Monika literaturzaleak ezagutzeko poemak eratzea proposatuko du jokoak. Horiekin batera hainbat solasaldi bizi eta bakoitzaren zaletasunak zein arazoak ezagutzera emango dituzte abenturan zehar.
Doki Doki Literature Club Plus formatu digitalean estreinatuko da, PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan.
Ez hori bakarrik, oraindik zehaztu gabeko egun batean fisikoan erosteko aukera egongo dela baieztatu dute PS5eko, PS4ko eta Switcheko bertsioen kasuan. Edizio fisikoak pegatinak, soinu banda digitala eta literatura klubeko kidearen txartela batuko ditu.
Iruzkinak