Nintendo, Sega eta Namco enpresen arteko elkarlanak GameCube kontsola zuen oinarritzat: F-Zero AX edo Mario Kart Arcade GP 1 eta 2 joka daitezke.

Dolphin emulagailuak Nintendoren GameCube zein Wii kontsoletako bideojokoak exekutatzeko balio du. Orain, arduradunek gailu berri baten euskarria gaineratu diote tresna ezagunari: Triforce arkade makinarena —txartel nagusiarena, hobeto esanda—.

“Hiru konpainia, misio bakarra”, diote Dolphinekoek argitaratutako artikuluan. Izan ere, Triforcea prestatzeko Nintendo, Sega eta Namco japoniarrak batu ziren, hiru enpresa handien baliabideak zein ezagutza bateratuz, arkade aretoetarako bideojokoak mugitzeko gai izango zen plaka sortuta; aldi berean, mahaigaineko GameCube kontsolarako oinarriak erabilita honen port-ak edo bertsioak prestatzea erraza izatea bilatzen zuten arduradunek, Nintendorenean kaleratzeko prozesua bizkortuz.

Triforcea, egia esan, GameCube bat dela esan daiteke: txartel nagusi berbera partekatzen dute, nahiz eta aldaketa batzuk eduki. Hemendik ikusi gabe geratu ginen hainbat bideojoko estreinatu ziren Triforce erabiltzen zuten arkade makinetan: F-Zero AX —Nintendok Segarekin elkarlanean garatutakoa, GXren anaia—, Mario Kart Arcade GP 1 eta 2 —N handiak Namcorekin batera sortu zituen—, Virtua Striker 3 eta 4 edo Gekitou Pro Yakyuu. Ez ziren asko izan, baina bai frankizia handietakoak.

Orain arte hauetara jokatzea ezinezkoa zen: Dolphinekoek nabarmentzen dutenez, aspaldi Triforcera bideratutako Dolphinen adar berezia prestatu zuten, baina arazo ugari zeuzkan. Alboratu egin zuten, baina lanean jarraitzeko asmorekin: hamar urteren ondoren, Dolphin bertsio nagusira iritsi da Triforce euskarria, eta joko guztiak mugitzeko gai da.

Triforcearen karkasa. Iturria: Sega Retro.

Are gehiago, Mario Kart bezalako jokoetan multijokalarian aritzea ahalbidetu dutela azpimarratzen dute egileek. Lan asko dute oraindik, halere, eta Triforce jokoen ezaugarri gehiago inplementatzeko lanean dihardute: jokoen txartel magnetikoak irakurtzeko sistema eraberritzea, agintearen interfazea txukuntzea edo akatsak zuzentzea da asmoa.

Sistema zaharretan jokatzea ahalbidera bideratutako lan bikaina, hortaz, Dolphinen lantaldearen eskutik. Euren webgune ofizialean aurkituko dugu emulagailua: Windows, GNU/Linux, MacOS zein Android bertsioak dauzka.