Beñat Ramos zaleak egindako itzulpen lana ofizialki inplementatu du Bippinbits garatzaileak PCan eta Xbox-en. Multijokalaria eta ordainpeko pertsonaiak ere gehitu dira.

Dome Keeper roguelike biziraupen eta akzio abenturak 5.0.0 eguneratzea jaso du. Adabakiaren berritasunen artean, besteak beste, hizkuntza berria aurkituko dugu: oraindik aurrera, euskaraz joka daiteke Bippinbits garatzailearen bideojokoan.

Beñat ‘Katukinabarra’ Ramos zalea arduratu da 2022an estreinatutako bideojokoa euskaratzeaz. Arduradunekin harremanetan jarri ondoren, lokalizazio lana ofizialki bideratu dute; hau da, aparteko ezer instalatu gabe, Dome Keeperren menu nagusiko hizkuntzen atalean euskara aurki dezakegu PC eta Xbox bertsioetan.

Izan ere, komunitateak prestatutako beste hainbat hizkuntza gehitzen joan da estudioa. Horretarako, Crowdin bidezko elkarlanak bideratzen ditu: azken urteotan katalana, portugesa edo turkiera gehitu dira komunitatearen hizkuntzen azpiatalera, beste zenbaiten artean.

 

Dome Keeper hedatzen

Euskaratzearekin batera berrikuntza handiak inplementatu dituzte egileek Dome Keeperren. Hasteko, martxoan iragarritako multijokalari modalitateak ofizialki inplementatu dituzte bertsio egonkorrean. Tokiko nahiz sareko joko mota lehiakorrak zein kooperatiboak ikusiko ditugu: lau jokalariz osatutako bi talde elkartu daitezke guztira sareko partidetan; lau jokalari ibiliko dira elkarrekin, bestalde, tokiko multijokalarian.

Multijokalaria guztiz doakoa da. Are gehiago, plataforma arteko partidak (crossplay) ere gehitu dituzte arduradunek, PCko bertsio desberdinen —GOG bertsioa beranduago eguneratuko omen dute— eta Xbox kontsoletako port-en artean jokatzea ahalbidetuta.

Bukatzeko, Galdutako zaindariak (The Lost Keepers) izeneko ordainpeko bi eduki gehigarri gaineratu dira: bi pertsonaia edo meatzari, hain zuzen. Infiltrazailea eta piztiazaina dira, bakoitza berezko abileziekin eta aukerekin. Hauei lotutako soinu bandak, kupuletarako maskotak eta hainbat misio berri datoz zaindariekin batera.

Online partidetan, ostalariak eduki gehigarriak erosita izanez gero, gainerako jokalariek erabiltzeko aukera daukatela aurreratu dute garatzaileek.

2022an kaleratutako bideojoko arrakastatsua hedatzen jarraitzeko eguneraketa handia, zalantzarik gabe. Iaz Game Erauntsian analisia eskaini genion, Godot garapen motorearekin sortutako obra interesgarria zela nabarmenduz:

Ezin dezaket esan Dome Keeperrek guztia maisukiro egiten duenik, ezta gauza bakar bat ere… baina ordu luze batzuez ikaragarri gozatu dut Bippinbits estudioaren jokoaz. Aniztasun eta egoera gehiago edukitzea itzel etorriko litzaioke hurrengo mailara iristeko, zalantzarik gabe, baina erlaxatzeko eta ondo pasatzeko aproposa den joko txiki horietakoa da meatze estralurtarrena.