Kooperatiboan zein joko mota lehiakorretan ariko gara lagunekin zulatzerakoan zein kupula babesterakoan.
Bippinbits estudioak Dome Keeperren multijokalari modalitateak ofizialki aurkeztu ditu. Apirilaren 13an iritsiko dira Steam eta Xbox plataformetara.
Joko mota kooperatiboak zein leihakorrak aspalditik garatzen dabiltza arduradunak; are gehiago, probaldi itxiak antolatu dituzte erabiltzaileekin batera. Lau lagun ibili ahalko dira partida berean elkarri laguntzen… edo bata bestea akabatzen.
Dome Keeperren partidetako oinarriak mantentzen dira multijokalarian: planeta estralurtarretako baliabideak zulatzen eta garraiatzen ariko gara, erlikia boteretsua —edo misioaren helburua— eskuratu arte. Bitartean, baina, piztien erasoez babestu beharko dugu gure burua, kupula desberdinetako armak hobetuta eta hauekin eraso hilgarriak jaurtita.
Kooperatiboan kupula lantaldean babestuko dugu, baita baliabideen bilketa burutu ere. Lanak banatzea eta modu egokian kudeatzea ezinbestekoa izango dela dirudi, baina eraso edo olatu gogorrenetan jokalari guztiek kontrolatu beharko dituzte kupulako kanoiak eta beste armak.
Modu leihakorrean, bestalde, baliabideak lapurtzen eta arerioei oztopoak jartzen ariko gara. Hobekuntzen artean ustelkeriak ikusiko ditugu: beste taldeak jasoko dituen erasoak areagotzeko aukerak.
2022an kaleratutako bideojoko arrakastatsuaren eguneraketa handia izango da, beraz. Iaz Game Erauntsian analisia eskaini genion, Godot garapen motorearekin sortutako obra interesgarria zela nabarmenduz:
Ezin dezaket esan Dome Keeperrek guztia maisukiro egiten duenik, ezta gauza bakar bat ere… baina ordu luze batzuez ikaragarri gozatu dut Bippinbits estudioaren jokoaz. Aniztasun eta egoera gehiago edukitzea itzel etorriko litzaioke hurrengo mailara iristeko, zalantzarik gabe, baina erlaxatzeko eta ondo pasatzeko aproposa den joko txiki horietakoa da meatze estralurtarrena.
Multijokalari eguneraketa apirilaren 13an kaleratuko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak