Ordu laurdenean gorilaren Switch 2ko abenturaren berritasunak eskainiko ditu Nintendo-k. Uztailaren 17an estreinatuko da.
Nintendok Donkey Kong Bananza Direct aurkezpena iragarri du. Etzi emango dute ohiko YouTube kateetan.
Asteazkenean 15:00etan hasiko da zuzeneko saioa. Iraupenari dagokionez, ordu laurdeneko emanaldia izango dela aurreratu dute japoniarrek.
Bananza Switch 2 kontsolako bigarren esklusibo handia izango da, Mario Kart World arrakastatsuaren ondoren. Donkey Kongek Nintendo 64ko titulutik jasotzen duen lehen 3D abentura da; hori horrela, Super Mario Odyssey bezalakoen oinarri teknikoak dituen jokoaren aurrean gaude. Berezitasunei dagokienez, meatzari lanetan ariko gara oraingoan: gorilak inguruneak suntsitzeko ahalmena dauka, lurrazpian ziztu bizian barneratzea posible izanik.
Horri esker, era guztietako materialak ustiatzen ariko gara; kokalekuek bestelako mugimendu askatasuna eskainiko digute horrela, baina lurzoruaren edo hormen materialak kontuan hartu beharko ditugu, batzuk apurtzeko ahalmen bereziak beharko baititugu.
Printzipioz, Donkey Kong Bananza soilik agertuko da etziko aurkezpenean; hori dela-eta, Nintendoren udako emanaldi handia izatea aurreikusten da, urteko gainerako jokoen zuzenekoak beranduagorako utzita. Hain zuzen ere, Pokémon Presents emanaldi berria uztailaren 22an ikusteko aukera daukagu: Pokémon Legends Z-A ageriko da bertan.
Oraingoz, Nintendo Directk Donkey Kong Bananza etzi eskainiko dute, 15:00etatik aurrera.
Iruzkinak