Direct emanaldia eskaini dio Nintendo-k. Uztailaren 17an merkaturatuko du Switch 2 kontsolan.

Donkey Kong Bananzak isilpean gordeta zituen sekretu guztiak azaleratu ditu. 3D plataforma abenturako munduak, mugimenduak zein transformazioak eta bigarren protagonista ezagutzera eman ditu Nintendok: gorilarekin batera Pauline itzuliko da.

DK Bananza Direct zuzenekoan ikusi dugu Donkey Kong arkade joko originalean salbatu behar genuen emakumearen eguneratutako bertsioa; oraingoan, neska gaztearen itxura hartuko du Paulinek. Super Mario Odyssey-rekin ikusi genuen berriz 2017an New Donk City hiriko alkate lanetan, eta ordutik hona iturginaren hainbat spin-off jokoetan agertu da.

Gorilaren bideojokoan abeslari rola berreskuratuko duela dirudi. Iragarpenean ikusi genuen arrokaren barrutik askatu ondoren, DKri botere bereziak eskainiko dizkio bere ahotsaren bitartez. Nabarmenenak transformazioak dira: DK gorila are erraldoiagoan, zebra bizkorrean edo ostruka hegalarian bilaka daiteke Paulineri esker.

Inguruneen suntsipena areagotzen lagunduko digute tranformaziook; izan ere, Bananzaren ardatzetako bat kokalekuak ukabilkadaka eta kolpeka suntsitzean datza, modu horretara guneak esploratzeko zein sekretuak bilatzeko. Lurzoru edo horma motaren arabera gure danbatekoak eraginkorragoak izango dira: ez da gauza bera harea jotzea edo harri gogorra zulatzen saiatzea.

Lur zatiak hartu eta jaurti, harea erabilita plataformak sortu, arroken gainean surfeatu… Mugimendu sorta zabala erabiliko du gure protagonistak, eta hau hobetzen joateko aukera daukagu gainera, lortutako abilezia puntuekin.

Sekretuei dagokienez, DK edo Pauline janzteko itxura desberdinak —Donkey klasikoarena barne, noski—, abesti berri zein klasikoak edo era guztietako erronkak ikusiko ditugu sakabanatuta mundu koloretsuetan zehar.

Buruzagien aurka ere ibiliko gara. Lortutako transformazioak ezinbestekoak izango dira garaipena lortzeko, eta, hori eskuratuta, lurrazpian are sakonago barneratuko gara: gure helburua planetaren erdialdera iristea izango da, bertan edozein gurari betetzeko boterea dagoela baitio kondairak.

Zorionez, lagun batekin gaindi ditzakegu aurkezten zaizkigun erronka guztiak. Bigarren jokalariak uneoro DKren sorbalden gainean dabilen Pauline kontrolatuko du: bere ahotsaren boterea erabilita lehen jokalariari lagunduko dio. Tokiko kooperatiboari GameShare ezaugarriak gehitzen zaizkio: joko bakarra nahikoa da multijokalaria bi kontsola desberdinetan abiatzeko.

DK Artist joko motan, bestalde, jokoarentzako garatutako suntsipen fisikak sormen lanak bultzatzeko erabiliko dira: arrokak zizelkatzen ariko gara artelanak sortzeko.

Bukatzeko, ia ahaztuta geratutako amiibo funtzionalitateak ere aipatu dituzte Nintendokoek; horrela, DKren unibertsoko amiiboek —DK eta Pauline figura berriarekin batera— ezaugarri desberdinak ahalbidetuko dituzte joko barnean, baina beste edozein amiibok ere funtzionatuko duela diote egileek.

Donkey Kong Bananza uztailaren 17an estreinatuko da, esklusiboki, Nintendo Switch 2 kontsolan.