Bereizmena areagotu eta kalitate handiagoko grafikoak prestatu dituzte, murriztutako karga denborekin batera.
Nintendo-k Donkey Kong Country Returns HD plataforma abenturaren 1.1.0. gaurkotzea kaleratu du ustekabean, hainbat ezaugarri interesgarri gaineratuta. Besteak beste, protagonista berria edo Switch 2 kontsolarako berritasunak dakartza.
Dixie Kong izango da gorilaren abenturen zaleek gehien eskertuko dutena. Tximino txikia Tropical Freeze jarraipenean ikusi genuen berriro; orain, DKC Returnsen erabiltzeko aukera egongo da, bere abilezia guztiekin. DK gainean ariko da jokalari bakarrarentzako modalitatean, jauziekin lagunduz; kooperatiboan, bigarren erabiltzaileak Dixie zuzenean kontrola dezake. Edozein unetan aldatu ahalko dugu Diddie-ren eta Dixieren artean.
Are garrantzitsuagoa da, agian, kooperatiboa konpondu dutela. Zaleek egiaztatzeko aukera izan dutenez, joko originalean zein 3DSko bertsioan ikusitako akats handia zuzendu dute: bigarren jokalariak ezin zezakeen etsaien gainean jauzi egin lehenengo jokalariak egin ostean. DKC honetan beharrezko abilezia da sarritan, arerioek plataforma gisa funtzionatzen baitute zenbait erronketan.
Turbo eraso modalitatea ere inplementatu dute egileek: jokoaren abiadura bizkortuko da, maila bakoitza ahalik eta azkarren gainditzea proposatuz.
Jokagarritasunari lotutakoekin batera, grafikoen kalitatea hobetzeko hainbat ezaugarri berri aipatzen dira eguneratzearen aldaketen zerrendan. Hasteko, “jokagarritasunaren esperientzia hobetzeko irudiaren kalitatearen hobekuntza orokorrak” egin direla aipatzen da.
Switch 2 kontsolak jaso ditu, baina, ezaugarririk interesgarrienak. Areagotutako bereizmena, kalitate grafiko gorena eta murriztutako karga denborak nabarmentzen dira prentsa oharrean. Gainera, GameShare ezaugarria ere inplementatu da: erabiltzaile batek bere jokoa parteka dezake, horrela.
Duela urtebete iritsi zen Donkey Kong Country Returns HD Switch kontsolara. Jatorrizko Wii bertsioko zein ostean kaleratutako Nintendo 3DS eramangarriko ezaugarriak biltzen ditu, bereizmen handiko atal grafikoarekin batera.
Lander Unzueta
Iruzkinak