Mundu ilun berrian bizirautea eta eraikitzea aginduko digute beste behin. Bakarka zein lagunekin ariko gara PCan.
Klei estudioak Don’t Starve Elsewhere iragarri du Triple-i Initiative 2026 aurkezpenaren aterpean.
Indie estudio ezaguna bere titulurik arrakastatsuenaren jarraipena —tartean Mark of the Ninja, Shank edo Eets Munchies kaleratu dituzte— prestatzen ari da. 2013. urtean estreinatu zuten Don’t Starve originala, eta, 2016an, kooperatibora bideratutako Don’t Starve Together espantsio independentea. Azaldu dutenagatik, Elsewhere Don’t Starve 2 izango litzateke.
Esplorazioa, artisautza lanak, baliabide bilketa, biziraupena eta borrokak itzuliko dira, beraz, Tim Burton zinemagilearen estetika bereganatuta sortutako mundu ilunari aurre egiteko. Prozeduralki eratutako mendi gailurrak zein kobazulo sakonak zeharkatuko omen ditugu oraingoan —bioma gehiagorekin batera—, baina helburua berbera da: ez zaitez gosez hil, edo, hobeto esanda, ez zaitez hil.
Bakarka ekin diezaiokegu erronkari; oraingoan, baina, multijokalari kooperatiboa hasiera batetik inplementatuko dute egileek. Laguntza eskertzekoa izango da, mundua inguratzen duen behelaino misteriotsuan barrena gordeta dauden sekretuak argitzeko ausartak izan beharko baikara.
Don’t Starve Elsewhere PCrako iragarri dute oraingoz Kleitik; halere, etorkizunean kontsoletara iristea ere espero da. Zaleak zain egon beharko dira: ez dauka kaleratze datarik.
Lander Unzueta
Iruzkinak