Gorputzez gorputzeko borrokak eta mundu erdi irekia agintzen ditu id Software taldearen lanak. PS5, Xbox Series eta PC plataformetan estreinatuko da.
Doom: The Dark Ages desiratuaren kaleratze data eskaini du Xbox-ek Developer Direct aurkezpenean. Maiatzaren 15ean kaleratuko da 2016ko Doom zoragarriaren aurretik jazotakoak kontatuko dizkigun tiro jokoa.
id Softwarek eskainitako bideo sakonean Doom honetan ikusiko ditugun berritasun guztiak laburbiltzen dira. Jokagarritasunean aldaketa handiak datoz. “Doom Eternal-en ehiza hegazkina zinen”, diote egileek, “baina The Dark Agesen tankea izango zara“.
Trilogia osatzen duen 2016ko Doomen run and gun elementuak bildu zituztela ere azpimarratu dute; Eternalen, “jauzika eta tiroka” ibili ginen; hurrengoan, “eutsi eta borrokatu” egingo dugu. Adierazpenokin jokagarritasun geldoagoa aurreikusten dugu, batez ere, Eternalen zoramenaren aldean.
Hala eta guztiz ere, joko bizkorra eta dinamikoa izaten jarraituko du Doomslayer protagonistarenak. Armategi zabalarekin ehundaka deabru akabatzen ariko gara ziztu bizian, oraingoan Lurra alde batera utziz, eta unibertsoan zehar sakabanatutako mundu bitxiak bisitatuz.
Lehen berritasun handia ezkutuaren aldetik dator. Iragarpen trailerrean ezagutu genuen, eta oraingoan xehetasun gehiago eskaini dizkigute garatzaileek. Kontraerasoak zein tiroen —berdeen— desbideraketak gauzatuko ditugu ezkutu motozerrarekin. Doomslayerrak sekulako indarrarekin jaurti dezake, gainera, ikaragarrizko sarraskiak eraginda deabruen artean. Teleportatzeak eta bestelako abileziak eskainiko dizkigu, bukatzeko, gure ezkutu leialak.
Gorputzez gorputzeko armak ere hartuko ditugu oraingoan. Bola eta katedun irabiurra, elektrizitatezko ukabilkadak edo mazo erraldoia erabiliko ditugu etsaiengana hurreratzerakoan. Glory Kill exekuzioen sistema aldatu da, gainera: zinematika laburtxoak alboratuko dituzte oraingoan, erritmoa eten gabe jokagarritasunean modu dinamikoan inplementatuz.
Ohiko suzko armak bueltan dira, noski. Super eskopeta, plasma erriflea edo txikitutako burezurrak jaurtitzen dituen kanoia jasoko ditugu hurrengo bideojokoan.
Gauza gehiago datoz. Aurrekoan dragoi zibernetiko baten gaineko atalak ikusi genituen: diotenez, miniburuzagien aurka eta guzti ariko gara hauetan. Piztiarekin batera aspalditik probatu nahi genuen armaren gainera igoko gara: robot erraldoia kontrolatuko dugu azkenik, deabrurik handienak suntsitzeko asmoz.
Esplorazioa eta bisitatuko ditugun munduak azalduz bukatu dute id Softwarekoek, aldaketa handiak baitatoz. Ohi bezala, bigarren mailako objektuak eta sekretuak biltzen ibiliko gara, baina kokalekuen eskala ohikoa baino handiagoa da: diotenez, erdi irekitako mundua prestatu dute gune batzuetan, gure erritmora esploratzea ahalbidetuz. Helburu nagusiak betetzeko ordena hauta dezakegula diote, “Doom sandbox” zantzuak eskainita.
Zailtasuna doitzeko aukera interesgarriak prestatu dituzte The Dark Agesen. Jokoaren abiadura, kontraerasoak egiteko erritmoa, jasotako zein eragindako mina edo arerioen tiroen bizkortasuna aldatu ahalko ditugu, besteak beste, jokoa gure trebetasun mailara egokitzeko.
Esan bezala, gutxi falta da aipatutako aldaketak eraginkorrak diren ezagutzeko. Maiatzaren 15ean iritsiko da Doom: The Dark Ages PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletara eta PCra.
Iruzkinak