RPG frankizia ezaguneko atal berriaren garapenaz zein argitaratzeaz arduratuko da. Aurrerapena utzi dute, argitaratze datarik zehaztu gabe.
CyberConnect2 japoniarrak (dot).hack frankiziaren itzulera iragarri du: .hack//Z.E.R.O. ARPG abenturan lanean ari da une honetan.
PlayStation 2aren aroan, 2002. urte aldera jaio zen sagak atal guztiz berria jasoko du, beraz. Sarea, foroak eta mundu digitalak fantasiarekin elkartzen dituen obra transmedia da .hack: bideojokoak, eleberriak, komikiak, anime filmak eta gehiago batzen ditu.
.hack//Z.E.R.O. atalarekin etorkizunera jauzi egingo dutela dirudi; egileek aipatzen dutenez, hasi zireneko sareko mugak —mezu elektronikoak eta nabigatzaileak nabarmentzen dira— ez dira jadanik existitzen, eta salto esanguratsua eman ahalko dute mundu digitala irudikatzerakoan. Izan ere, oraingoan mundu errealeko pertsonaiei are protagonismo handiagoa emateko asmoa aitortu dute.
RPG mekanikak zein akzioa eta abentura uztartuko ditu jokoak lurralde birtualetan zehar. Anime estetika erabiltzera itzuliko dira, aurrerapenean ikus daitekeenez.
Oraingo honetan aldaketa handia dator argitaletxe aldetik: CyberConnect2 arduratuko da bideojokoa garatzeaz zein kaleratzeaz. Aurreko atalak —zein CC2ren gainerako titulu ugari— Bandai Namco-ren markapean estreinatu dira. Hiroshi Matsuyama CC2ko arduradunak aitatu duenagatik, “frankizia berrabiaraztea” da asmoa, tituluarekin irudikatu nahi duten modura. Iragarpena estudioaren 30. urteurrenean burutu dute: CC2koek Naruto: Ultimate Ninja Storm saga, Asura’s Wrath, Dragon Ball Z: Kakarot edo Fuga: Melodies of Steel jokoak kaleratu dituzte, besteak beste.
.hack//Z.E.R.O.-k ez dauka baieztatutako plataformarik, ez kaleratze datarik.
Lander Unzueta
Iruzkinak