Hirugarrengoen softwarea erabilita denetariko tranpak egiten zituzten jokalariei amua jarri dietela azaldu dute Gabe Newell-en enpresakoek.

Valvek kanporaketen mailua atera du: Dota 2 ezagunean 40.000 amarrutsuren erabiltzaileak debekatu dituela iragarri du Gabe Newellen enpresak. Sare bidezko online joko handi guztiek partekatzen dute cheater-en arazoa. Horri konponbidea aurkitzea ez da lan erraza izaten, baina Steam-en jabeek bere joko arrakastatsuenetako batetik tranpatiak kanporatzeko erabilitako metodoa aditzera eman dute,

MOBA tituluaren webgune ofizialean eman dituzte azalpenak. “Gaur Dotan tranpak egiteko hainbat astez hirugarrengoen softwarea erabiltzen zuten 40.000 erabiltzaile debekatu ditugu behin betiko”, diote arduradunek. “Software horrek partida arruntetan ezin ikus daitekeen Dotaren bezeroaren barneko informazioa irakurtzea ahalbidetzen zuen, iruzurgileei bidegabeko abantailak eskainita”.

Informazio horretaz baliatu dira, hain zuzen ere, arazook ematen zituzten erabiltzaileak identifikatzeko. Adabaki baten bidez amua eratu zuten barneko informazio horren artean: amua irensten zutenek datu horiek hartu, eta Valvek hauei jarraipena egiteko aukera eduki dute. “Debekatu ditugun kontu guztiek bereganatu dituzte bezeroko datu sekretuok, beraz ziurtasunez esan dezakegu debekua merezi dutela”.

 

Steameko jokatuenen artean

Kanporatutako erabiltzaile kopurua ikaragarria den arren, Dota 2 munduko bideojokorik jokatuenen artean dagoela gogoratu beharra dago: Steameko bigarren postuan dago, egunean 600.000 partaide inguru bilduta. Hau da, jokalarien % 7 inguru kanporatu dute.

Artetsuen aurkako borroka normalean ezkutuan egiten dute bideojokoen garatzaileek, hauek aurkako neurriak hartzea zailtzeko. Dena den, oraingoan egindakoa publikoki zabaltzea erabaki dute Valvetik: “Gure jarrera argi adierazteko argitara atera dugu kasua. Dotaren bezeroa irakur dezakeen aplikazioren bat erabiltzen baduzu jokatzerakoan, zure kontua behin betiko debekatuta gera daiteke Dotan jokatzeko”. Alabaina, kontuz ibili halako programekin, zure asmoa tranpak egitea ez bada ere.

Horri lotuta, jakin badakite jokalariek antzeko tranpak egin ahal izateko exploit berriak garatzen jarraituko dutela. Etorkizunean ere gauza bera egiten jarraitzeko hautua egin dute Dotaren arduradunek: “exploitok identifikatzen eta ezabatzen jarraituko dugu, baita tranpatiak kanporatzen ere”.