Modus Games estudioa beat ‘em up klasikoan oinarritutako abentura koloretsua prestatzen ari da PC-rako zein kontsoletarako.
Beat ‘em up tituluen generoen bigarren urrezko aroa bizitzen ari da, zalantzarik gabe. Hainbat klasikoren bertsio eraberrituak ikusi ondoren, generoko oinarrietako baten itzulera ikusiko dugu —berriz—: Double Dragon mitikoak Gaiden: Rise of the Dragons izeneko abentura berria jasoko du.
Modus Games eta Secret Base garatzaileek Arc System Works-en frankizia hartu dute —Technos Japan, jatorrizko garatzailea, ArcSys-ek erosi zuen 2015ean— oinarrizko mekanikak hartu eta zaharberritzeko. Emaitza ikustekoa da: atal estetiko koloretsuarekin, beat ‘em up borroka itxurosoak prestatzen dabiltzala agerikoa da trailerra ikusiz gero.
Konboak eta eraso bereziak izango dira nagusi. Jokalariek era guztietako mugimenduak erabiliko dituzte arerioak akatzeko. Nola ez, ohiko protagonistak bueltan dira: Billy eta Jimmy Lee hauta ditzakegu New York-etik zehar ukabilkadak banatzeko. Hala ere, berritasunak ere ikusiko ditugu Gaidenen: Marian, lehen jokoan salbatu beharreko neska, kolpeak eta tiroak banatzeko prest dator. Berarekin batera egongo da Uncle Matin boteretsua, baita desblokeatzeko beste bederatzi pertsonaia ere.
Bikoteka aritzea ahalbidetuko du abenturak, espero bezala. Bi jokalarik binakako erasoak jaurti ditzakete, aurkariei sekulako egurra emanez.
Roguelite elementuak aipatzen dituzte garatzaileek: dirudienez, beteko ditugun misioen zailtasuna aldatzen joango da hauen ordenaren arabera. Horrela, misioen iraupena, gaiztoen kopurua zein zailtasun orokorra orekatuko da gure erabakiekin batera.
Double Dragon Gaiden: Rise of the Dragonsek ez dauka argitaratze datarik oraingoz, baina arduradunek “laster” argitaratuko dutela adierazi dute Abobo arerio ezagunarekin. Plataformei dagokienez, ordenagailuetan nahiz PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan merkaturatuko dute.
Iruzkinak