Yuke eta Arc System Works talde japoniarrak arduratuko dira dragoiak berpizteaz. Datorren urtean kaleratuko dute.
Double Dragon beat ‘em up maitatuaren berpizkundea iragarri dute (berriz), Arc System Works argitaletxekoek. Double Dragon Revive atalarekin Lee anaiak hiru dimentsioetan barneratuko dira.
Atal grafikoa guztiz eraberritu badute ere, premisa betiko berbera da: korritze horizontala mantenduz, dozenaka arerio jipoituko ditugu maila desberdinetan zehar, oraingoan teknika ikusgarriagoak erabilita.
Yuke garatzaileak dioenez, jokagarritasuna “botoi bakarra zanpatzea baino konplexuagoa” izango da, “moldaera eta aniztasuna” eskatuz. Horrela, etsaien eraso patroiak ikasi beharko ditugula dirudi, hauen hutsegiteak modurik eraginkorrenean zigortzeko. Borroka jokoek jarraitzen duten oinarria, alegia.
Orain urtebete Double Dragon Gaiden: Rise of the Dragons ikusi genuen, estetika tradizionalagoarekin balorazio nahiko positiboak lortuta. Beat ‘em up klasikoen jarraitzaileei Revivek proposatzen duen aldaketak gustatuko ote zaien ikustea geratzen zaigu, beraz.
Double Dragon Revive 2025ean kaleratuko dute PlayStation eta Xbox kontsoletan, baita PCan ere.
Iruzkinak