Xbox-engandik banandu ostean, Tim Schafer-en taldekoek proiektu berria eratu nahi dute zaleen komunitatearen babesarekin. Irailaren 9an hasiko dira sormen prozesuak.
Amnesia Fortnight game jama antolatzeko diru eske dabil Double Fine. Estudio beteranoak, independizatu ondoren, bi asteko iraupena edukitzen duen ekimena prestatu ahal izateko finantzazio kanpaina iragarri du Kickstarter webgunean.
2007. urtetik antolatzen duten game jama tradizio hutsa da dagoeneko estudioaren garatzaileen artean. Sortzaileak taldeka banatuta, proiektu eta ideia txikiei ekiten diete —guk gure Euskal Game Jamarekin egin antzeran—, desberdintasun txiki batekin: sormen lanik onenak joko komertzial bilakatzen dituzte hautaketa prozesu baten ostean. Stacking, Costume Quest edo orain gutxi argitaratutako Kiln dira Amnesia Fortnightetik jaiotako tituluetako batzuk, baita Psychonauts 2n agertutako mailetako bat ere.
Aurtengo bideojoko sorkuntza tailerra irailaren 9an hastea aurreikusten dute, eta bi asteko iraupena edukiko du. 26 proposamen aurkeztu dituzte garatzaileek YouTube katean; hortik, lau prototipo —babesleek aukeratutakoak— izatera igaroko dira; azkenik, bakarra hautatuko dute guztiz bukatzeko eta komertzializatzeko.
Orain arteko game jamak dirulaguntzarik gabe antolatu badituzte, baina, zergatik abiatu Kickstarterra? Uztailean Xboxek saldu egin zuen Double Fine, azkenean, Tim Schaferren taldeak independentzia osoa eskuratzeko aukera edukita. Amnesia Fortnight berriarekin estudioa berrabiatzea bilatzen dute arduradunek, proiektuak zaleen babesarekin bideratuta.
Hori horrela, 400.000 dolar bildu gura dituzte. Ez zaie kostako: albistea idazterako unean, 373.000 dolarrak gaindituta dituzte, kanpaina bukatzeko 28 egun geratzen direlarik. Game jamarekin batera, finantzaketak 2 Player Productions-ek prestatutako dokumentala ekoitzi ahalko dute.
Estudioaren egoera larria bada ere, tartean txantxak egiteko tartea aprobetxatu dute: 100 milioi dolar baino gehiago bilduz gero, Brutal Legend maitatuaren jarraipena garatzeko prest agertu dira.
Irailaren 9an hasiko da Psychonauts, Broken Age, Brutal Legend edo Keeper bezalakoen sortzaileen Amnesia Fortnight ekimena.
Lander Unzueta
Iruzkinak