3.200 Xbox taldekoak izango dira. Double Fine, Ninja Theory, Undead Labs eta Compulsion Games saldu egingo dituzte.
4.800 langile kaleratuko ditu Microsoft erraldoiak, bere lantaldearen % 2,1. Amy Coleman Microsoften lehendakariorde exekutiboak barne mezuaren bitartez baieztatu du.
Gaur bertan Xboxetik 1.600 langile kanporatuko direla aurreratu du Asha Sharma Xboxeko arduradunak Xbox berrabiatzen artikuluan. Are gehiago, asmoa egungo zerga urtea —oraintxe bertan hasi dutena— amaitu aurretik Xbox taldeko lanpostuen % 20 desagerraraztea da, hau da, guztira 3.200 sortzaile kanporatzea.
Kaleratze gehienak Zenimax enpresari lotutakoak ei dira; hots, Bethesda-ren aterpean dabiltzan estudioei. Xboxek 7,5 mila milioi dolarren truke erosi zuen Bethesda 2021. urtean.
Horrekin batera, lau estudio salduko dituzte: Double Fine, Ninja Theory, Undead Labs eta Compulsion Games. Dirudienez, Double Fine zein Compulsion Games estudioen arduradunek erosi dituzte; hau da, Tim Schafer eta Guillaume Provost sortzaileek beren taldeen independentzia eskuratzea lortu dute.
Ninja Theory eta Undead Labs oraindik jabe berririk gabe daude; artikuluan aipatzen denez, Microsoftekin banatu aurretik une honetan garatzen dabiltzan Senua eta State of Decay 3 bukatzea adostu dute.
Azken talde bat ere aipatzen da: Arkane Studios. Dirudienez, hau saltzeko asmoa daukate Microsoftetik, baina Frantziako lan araudiak prozesua geldotu omen du.
Gainera, orain arte MachineGames-en arduradun nagusia zen Jerk Gustafsson Arkane Studios-en buru berria izango da. Jason Schreier kazetariak aipatu duenagatik, 2025eko uztailean estudio europarretako arduradun izendatu zuten; hortaz, bi taldeak gidatzeaz arduratuko da Gustafsson.
Kaleratze eta itxiera berrien albistea Microsoftek 9.000 langile kanporatu eta urtebetera iritsi zaigu.
Lander Unzueta
Iruzkinak