Arkade lasterketa eroak dakartza, berezko mekanika bitxiekin. Doan jaitsi dezakegu ordenagailuetan.
Kart Krew bideojokozale taldeak Sonic trikuaren unibertsoan girotutako joko berria aurkeztu du. Dr. Robotnik’s Ring Racers izenarekin, aurretik garatutako Sonic Robo Blast Kart 2 ezagunaren jarraipena da —zaleek garatutako jokoei buruzko erreportajean hitz egin genuen berari buruz—.
Hortaz, kart erako arkade lasterketak proposatzen dizkigute berriro. Ring Racers ez da, baina, SRBK2ren eguneraketa xumea: dozenaka zirkuitu zein mekanika berri gehitzen ditu, kutsu eta izaera berriak dituen lana sortzeko.
Hasiera batetik nabariko dugu; izan ere, lasterketekin ekin aurretik hizketaldiz betetako tutorial luzea aurkeztuko digu jokoak —luzeegia askorentzat, Discord talde ofizialean irakur dezakegunez—. Beharrezkoa, dena den, sortu dituzten mekanikak eta sistemak ondo ulertzeko.
Tutorialaren izaera abentura jokoena da, baina hau amaituta ohiko lasterketetan barneratuko gara. Hori bai, aurkeztutako mekanikak menperatzea ezinbestekoa da kurbak ondo hartzeko; are gehiago, lasterbideak bilatzeko eta behar bezala jarraitzeko.
Itxura batean, Dr. Robotnik’s Ring Racers ez da jokalari guztiei zuzendutako lasterketa jokoa. Aurreko SRBK2ren oinarrizko mekanikak alboratzen dituenez, jarraipena izan beharrean aurrekarietatik aldentzen den spin-off jokoa dela esan dezakegu.
Bakarka zein online jokatzeko aukera eskaintzen digu tituluak. Gainera, desblokeatzeko hainbat gidari zein kolore ditugu, baita kopak nahiz zirkuituak ere. Komunitateak ere denetariko berritasunak gehituko dizkiola suposatzen dugu, asko eskainiko duen lana izanik. Izan ere, jatorrizko jokoak egin modura, Doom klasikoaren garapen motorea erabilita sortutako lana da Ring Racers. Ez da txantxa, ez, baina horri esker komunitate sendoa dauka proiektuak.
Zaleen jokoa izanik, doan joka dezakegu, noski, beraz ez daukagu aitzakiarik probatu gabe uzteko. Kart Krewren webgune ofizialaren bidez jaitsi dezakegu Dr. Robotnik’s Ring Racers.
Iruzkinak