Son Gokuren abentura guztietako 164 borrokalari espero dira. Budokai Tenkaichi sagaren atal berria urriaren 11n estreinatuko da.
Dragon Ball: Sparking! Zero iristeko desiratzen dabiltza Son Gokuren zaleak, eta gogoak are gehiago pizteko albistea jaso dute. Dragoi Bola GT sagako borrokalariek duelu bizietan parte hartuko dutela baieztatu dute Bandai Namco-koek.
Gaztetutako Son Goku —nola ez, Super Saiya 4 eraldaketarekin—, Pan, Baby, Uub, Ishinron eta beste hainbat agertzen dira bideojokoaren azken trailerrean. Hauek guztiak aipatu ditugu, baina ziurrenik GTko pertsonaiarik maitatuena dena ere ikusiko dugu: Gogeta SSJ4 fusioa. Hutsune handia ere aipatu behar dugu, Super 17 androidea ez baita azalduko, oraingoz behintzat.
Iragarpenarekin batera filtrazioak ere ikusi ditugu. Budokai Tenkaichi 4 izango denaren bideoetan pertsonaien sorta osatzen duten hexagonoak ageri ziren bukaeran: gutxi falta dira borrokalarien zerrenda osoa ezagutzeko, baina geratzen zirenak sarean zabaltzen hasiak dira leaker-ak.
Filmeetako bilauak dira, ziurrenik, ezustekorik handiena. Zaleek DLC bidez iritsiko zirela espero zuten, baina ez da horrela izango, dirudienez: Garlick gaztea, Super 13 zenbakia, Bojack eta gehiago ikus ditzakegu dagoeneko, baita Tapion heroia ere. Dragoi Bola Super sagako borrokalari gehiago ere zabaldu dituzte, gainera.
Ez dugu askorik itxaron beharko Sparking! Zeroko borrokak abiatzeko: urriaren 11n helduko da titulua PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetara.
Iruzkinak