Protagonista berriarekin, etorkizun urrunean girotuko da: mekanikak eta oinarriak iragarri gabe utzi dituzte egileek. 2027an argitaratuko dute.

Dragoi Bolaren 40. urteurrena ospatzeko Genkidamatsuri jaialdia antolatu du Toei Animation enpresak asteburuan. Iragarpen desberdinen artean, Akira Toriyama mangakak sortutako unibertsoan girotutako bideojoko berria ezagutzera eman dute: Dragon Ball Age 1.000 proiektua.

Beti bezala, Bandai Namco enpresa arduratuko da garapenaz. Bideo motza erakutsi dute, protagonista berria —Toriyamak zendu aurretik diseinatutakoa— aditzera emanez: Capsule Corporation taldeko langilea izango dela dirudi, Saiyaman handiaren kolore eskema hartuta. Gizakia da, itxura batean, baina Super Saiya bihurtzeko ahalmena edukiko du; bideoa ikusita ulertzen denagatik, Dragoi Bolako heroien eta bilauen ahalmenak erabiltzeko gai izango da.

Bideojokoaren generoa edo mekanikak aipatu gabe utzi dituzte, baina zurrumurruak hedatzen hasiak dira jadanik. Izenak adierazten duen modura, DBren 1.000 urtean kokatzen bada, Dragon Ball Online MMORPGaren —duela gutxi berpiztu zuten zaleek— aro berean abiatuko litzateke Age 1.000; hori dela eta, sarean jokatzeko RPG berriaren aurrean gaudela uste dute zale askok.

Beste aukera, zelan ez, borroka jokoarena da… eta, kasu horretan, azken urteotan sekulako arrakasta izandako Xenoverse sagaren atal berrira jo dezakete Bandai Namcokoek. Protagonista berriaren ahalmenei lotuta egon daiteke, egia esan, borroka RPG horietan DB unibertsoko borrokalarien mugimenduak ikastea baitzen ardatzetako bat.

Laster ikusiko dugu mugimenduan: aurkezpen ofiziala apirilaren 19an izango da, Dragon Ball Games Battle Hour 2026 ekimenaren aterpean.

Dragon Ball Age 1.000ren garapena duela zazpi urte abiatu zutela aipatu dute egileek. Hortaz, ez dugu askoz gehiago itxaron beharko jokatzeko: 2027an estreinatuko dela aipatzen da prentsa oharrean. Plataformak, baina, iragarri gabe geratu dira.

 

Eduki gehigarriak Dragon Ball: Sparking! Zero-rentzat

Bigarren bideojokoa ere igaro da Genkidamatsuritik: 2024 bukaeran argitaratutako Dragon Ball: Sparking! Zero —hau da, Budokai Tenkaichi 4— elikatzen jarraituko dute Bandai Namcokoek.

Ordainpeko DLCarekin borrokalariak, kokalekuak eta jantziak gehituko dituzte. Hasteko, Piccolo Daimao, Super 17 androidea edo Bardock Super Saiya erakutsi dituzte, baina bukaerarantza Dragoi Bola hasierako Tao Pai Pai zein Gohan aitona ikus daitezke. Uda aldera argitaratuko da eduki gehigarri handia.

Bestalde, doako Mission 100 izeneko joko mota ere nabarmendu da. Norbere gogoko borrokalariak hautatuta misio eta erronka desberdinak gainditzen jarriko omen gaituzte; arduradunen arabera, modalitate sinplea, baina Dragon Ball Z: Budokai Tenkaichi 3 mitikoa gogoraraziko duena prestatzen dabiltza.

Gaur bertan ikusiko dugu Mission 100 doako eduki gehigarria. Bigarren joko mota berria ere erakutsi dute, ordea: udaberrian Survival biziraupen erronkak inplementatuko dituzte Sparking! Zeron.

 

Dragoi Bola Super animearekin jarraituz

Bideojokoak baino gehiago erakutsi dituzte, nola ez, Dragon Ball Genkidamatsuri jaialdian. Anime telesail berriak, edo, hobe esanda, jarraipenak eta berregiteak ikusiko dituzte Son Gokuren zaleek.

Lehenik eta behin, Toriyamaren obraren 40. urteurrena omentzeko bideo berezia erakutsi dute Toeikoek. Mangako unerik gogoangarrienak animatzeaz gain, Hans Zimmer musikagileak konposatutako soinu banda ere utzi digu. Bukaeran, ordea, etorkizuneko edukiei begira jarri dira: orain arte mangan soilik argitaratutako Dragon Ball Super The Galactic Patrol saga animean eskainiko dute.

Bigarrenik, Dragoi Bola Superren hastapenak —edo, DBZren bukaera, ikuslearen arabera— berregingo direla iragarri dute. Dragon Ball Super: Beerus izenpean, lehenengoz Jainkoen Bataila filmean, eta, ostean, DB Superren lehen sagan ikusitako saga eraberrituko da. Hau da, Beerus suntsipenaren jainkoaren iritsiera azalduko zaigu berriro. Aurtengo udazkenean estreinatuko da.