Doako titulua mugikorretarako zein PCrako iragarrita zegoen Project: Multi izenpean. Sareko proba egingo dute ekainaren 12tik 16ra.
Dragon Ball: Gekishin Squadra kontsoletara iritsiko dela jakinarazi du Bandai Namco-k. PlayStation nahiz Nintendo kontsoletan ikusiko dugu MOBA proiektua.
Aldez aurretik Dragon Ball Project: Multi izenarekin ezagutzen genuen titulua Android eta iOS gailuetarako zein PCrako iragarrita zegoen.
Musutruk eskuratzeko aukera egongo da, eta, Dragoi Bolaren unibertsoko heroiak zein bilauak kontrolatuz, taldeko borroketan parte hartzea proposatuko digu. Son Goku, Vegeta, Satan Txiki, Freezer, Son Gohan, Trunks, 18 androidea, Caulifla eta beste hainbat pertsonaiaren artean hautatuko dugu 4vs4 MOBA dueluetan aritzeko.
Pokémon Unite-kin antzekotasun handiak dituela ikus daiteke, estetika eta jokagarritasuna hartuta. Gune desberdinak kontrolatzea izango da gure helburua; errondek aurrera egin ahala, jokalaririk trebeenek euren pertsonaiak indartuko dituzte.
Protagonista bakoitzak abilezia edo indargune desberdinak ditu: erasotzaileak, tankeak edo teknikoak egongo dira, taldekideen artean rolak banatzea ezinbestekoa izanik. Aurkako taldekoen kontra egitearekin batera, NPC desberdinak ere garaitu beharko ditugu, buruzagiak barne.
Nahiz eta doan eskaini, askotariko mikroerosketak ikusiko ditugu joko barruan: protagonisten itxurak edo jantziak, hasiera zein irteera animazioak edo eraso berezien zinematikak aldatzeko balioko digute.
Bideojokoa “laster” argitaratzeko asmoa daukate Ganbarion taldeko egileek. Aurretik, ordea, sareko proba abiatuko dute: ekainaren 12tik 16ra bitartean egingo da. Beta irekia bada ere, izena ematea ezinbestekoa izango da parte hartu ahal izateko.
Dragon Ball: Gekishin Squadra PlayStation eta Nintendo kontsoletan, Android nahiz iOS gailu mugikorretan zein PCan estreinatuko da.
Iruzkinak