Budokai Tenkaichi sagaren atal berriak pertsonaia mordoa eta borroka mekanikak erakutsi ditu. PS5, Xbox Series eta PC plataformetan estreinatuko da.
Bandai Namco-k Dragon Ball: Sparking! Zero desiratuaren aurkezpen berezia burutu du. Borroka tituluari buruzko era guztietako xehetasunak emateaz gain, jokagarritasuna agerian jarri dute egileek, eta, gainera, borrokalari mota desberdinak erakutsi dituzte indartsuenen eta bizkorrenen arteko desberdintasunak aurkeztuz.
Trailer zinematikoak nahiz jokagarritasun hutsa ikusteko aukera eduki dugu bideo berezian. Goku eta Vegeta gerlarien arteko dueluarekin hasi dute ekimena, orain arteko lehen gameplay bideoa izanik —aurretik zatitxoak ikusita geneuzkan, baina zuzenean jokokoak izan gabe—: Budokai Tenkaichi sagako atal berria izanik, ohiko mekanikak mantentzen dira.
Gure pertsonaiaren atzean kokatutako kameraren bidez biziko ditugu norgehiagokak, beraz, eta modu askean mugitzeko aukera izango dugu. 2007an estreinatu zen BT3, eta jauzi grafikoa nabarmena da: borroka ikusgarriak dira Sparkingekoak. Konboak, desagertzeak, eta, zelan ez, eraso bereziak behin eta berriz ikusiko ditugu: kamehameak, galick izpiak edo arerioari segika jartzen gaituzten mugimenduak bueltan dira.
Berritasunetako bat izpien talkan jazoko da: agintearen palankari suntsitu arte eragin beharrean, Budokai 3ren eraso berezietan ikusitako antzeko QTE mekanika prestatu dute. Horrela, husten eta betetzen doan barran unerik aproposean zanpatu beharko dugu pantailan ageri zaigun botoia.
Izpirik indartsuenei kontraerasoak egin diezaiekegu orain, eta bulkadak inoiz baino garrantzitsuagoak izango dira. Horrela, dueluei dinamikotasuna eta bizitasuna eman nahi dietela aldarrikatu du Jun Furutani bideojokoaren ekoizleak.
Pertsonaia berriak erakusteko ere aprobetxatu dute, Dragoi Bolaren istorioko atal desberdinetako borrokalariak hartuta: Dortoka Iratxoa dator istorio originaletik Super Trunks-ekin batera, baita Nappa, Jeice eta Burter zitalak ere. Dragon Ball Super-etik ikusi ditugu ezusteko handienak: Broly edo Hit ezagunak datoz, baina baita Dyspo, Kakunsa, Toppo edo Kale ere.
Eurekin batera daude aurretik baieztatutako Satan Txiki, Freezer, Krillin, Ten Shin Han edo Cell. Hori dela-eta, ahalik eta borrokalari gehien biltzeko ohitura jarraituko dutela esan daiteke: hori da, zalantzarik gabe, Budokai Tenkaichi zaharren arrakastaren oinarrietako bat.
Dragon Ball: Sparking! Zeroren argitaratze data ezezaguna da oraindik, zoritxarrez; hala ere, PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetara iritsiko dela dakigu.
Iruzkinak