Zazpi iheslarik Son Gokuren etsai handienengatik ihes egin beharko dute. 2022an estreinatuko da PC-an zein kontsoletan; aurretik beta itxia egingo dute ordenagailuetan.
Son Goku eta lagunen bideo-jokoek hainbat genero ezagutu dituzte: borroka jokoak dira nagusi Dragoi Bolaren unibertsoan, baina RPGak, karta jokoak eta bestelakoak ere ikusi izan dira. Proposamen berritzailearekin azaldu dira Bandai Namco-koak, baina; multijokalari asimetrikodun partidak prestatzen dabiltza Dragon Ball: The Breakersekin.
Dead by Daylight ezagunaren antzeko mekanikak bilduko ditu, hain zuzen ere. Zazpi iheslarik munstro batengandik alde egin beharko dute; aurkezpen trailerrean Bulma, Oolong eta beste pertsonaia batzuk Cell zitalarengandik ezkutatzen agertzen dira; iruditegi ofizialean Freezer eta Boo ere ageri dira, nola ez. Munstroaren aginteak hartzen dituen jokalariak ziztu bizian hil ditzake gainontzeko partaideak; hortaz, hauek kontu handiz ibili beharko dira askotariko helburuak betetzen azkenean denbora makinari esker alde egiteko.
Munstroa gero eta boteretsuagoa egiten joango da, baina. Trailerrean ikusten denez Cell forma guztietatik igaroko da perfekziora iritsi arte, adibidez. Larba fasean dagoenean, iheslarientzat errazagoa izango da helburuak betetzen joatea, baina partidak aurrera egin ahala gero eta zailagoa izango da hanka egitea. Objektu berezien laguntza edukiko dute, hori bai: hauek modu aproposean erabili beharko dituzte bizirik jarraitu nahi izanez gero.
Bideo-jokoa Dragon Ball Xenoverse borroka jokoetako unibertsoan oinarrituta egongo da: denbora eta espazioan emandako aldaketak ohikoak dira hauetan, beraz manganimean ikusi gabeko pertsonaiak eta bestelakoak agertuko direla suposatzen da.
Dragon Ball: The Breakers PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan kaleratuko da 2022an. Aurretik, baina, beta itxia egingo dutela jakinarazi dute: ordenagailuko jokalariek soilik parte hartu ahalko dute. Honi buruzko xehetasunak “laster” emango dituztela agindu dute Bandai Namcokoek.
Iruzkinak