Dragoi Bolaren unibertsoan girotutako multijokalari asimetrikodun proiektua prestatzen dabiltza. PC-ko jokalariek beta itxian parte hartu ahalko dute abendu hasieran.
Bandai Namcokoek pasa den astean iragarri zuten Dragon Ball: The Breakers. Proiektu bitxi hau Dragoi Bolaren beste bideo-jokoengandik urrunduko da proposamen interesgarria aurkeztuta; hori horrela, bilduko dituen mekanikak jokalariei erakusteko bideo luzea prestatu dute arduradunek.
Zazpi iheslarik munstro baten aurka egingo dute The Breakersen. Guztiak jokalariek kontrolatutakoak izango dira: multijokalari asimetrikoarekin, Dead by Daylight edota Evolve bezalako lanekin antzekotasun handiak edukiko ditu bideo-jokoak.
Munstro edo raider-ak iheslariak akatu beharko ditu: honek Freezer, Cell edota Boo bilauen artean aukeratu ahalko du, hasiera batean behintzat. Iheslariek, berriz, ezkutatu eta ihes egin beharko dute denboraren makina erabilita; hainbat misio beteta borrokalekutik ihes egin dezakete, hau izanik helburu nagusia iheslarientzat.
Nola ez, munstroak gero eta iheslari gehiago akabatzen baditu zailagoa izango da hauentzat xedeak betetzea. Bilauak transformatu eta boteretsuagoak egiteko aukera dute, gainera: Cell munstroak, nola ez, pertsonak irensterakoan lortuko du perfekzioa. Indartsuago izanik iheslariak errazago aurkitu eta suntsipen handiagoa eragin dezake.
Iheslariek askotariko tresna eta baliabideak izango dituzte eskura erronkak betetzeko; armak ere erabili ditzakete, baina ez dute askotarako balioko munstro boteretsuen ondoan. Ez hori bakarrik, dragoi bolak bilduta manganimeko heroietako batean bilakatzea lortu dezakete: bideoan Son Goku azaltzen da, Cellen aurka egiten.
Guzti hau probatzeko aukera egongo da laster: beta itxia agindu dute Bandai Namcoko garatzaileek abendurako. PCko jokalariek soilik parte hartu dezakete, eta izen ematea irekita dago jadanik: esteka honetan sakatuta sar daiteke.
Elden Ring-en beta itxiaren formatu bera mantenduko dute Dragon Ball: The Breakersekin; hau da, egun desberdinetan ordu zehatzetan soilik jokatu ahalko da. Hemen duzue egutegia:
- 1. sesioa: abenduaren 4an, 03:00etatik 07:00etara.
- 2. sesioa: abenduaren 4an, de 13:00etatik 17:00etara.
- 3. sesioa: abenduaren 4an 19:00etatik 23:00etara.
- 4. sesioa: abenduaren 5ean 03:00etatik 07:00etara.
Dragon Ball: The Breakers 2022an kaleratuko dute PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan.
Iruzkinak