Zazpi jokalarik Dragoi Bolaren unibertsoko bilau batengandik ihes egin beharko dute. Kontsoletan eta PC-an estreinatuko da.
Dragoi Bolaren munduan girotutako bideojokorik bitxienetakoa da, inolako zalantzarik gabe, The Breakers. Ahaztu borrokak zein RPG abenturak: multijokalari asimetrikodun partidak proposatuko dizkigu Bandai Namco-ren tituluak. Garatzaileek jakitera eman dutenez, urriaren 14an estreinatuko dute.
Iragarpena trailer berriarekin egin dute: ustekabean, kalitate nahiko oneko zinematika prestatu dute jokoaren arduradunek. Bertan kontrolatu ahalko dugun beste bilauetako bat ezagutzera eman dute: Freezer espazioko tiranoa. Akira Toriyama mangakak sortutako arerio ezagunenetakoaren rola hartuta, beste zazpi jokalarien bila aritu beharko gara hauek akatzeko.
Hori horrela, iheslariek ezkutatu eta ihes egin beharko dute denboraren makina erabilita; hainbat misio bete beharko dituzte hori lortu ahal izateko. Benetan baliagarriak izango diren objektu sorta zabala izango dute eskura. Esate baterako, Son Goku, Vegeta edo Satan Txiki heroien abileziak erabiltzeko aukera: horretarako, dragoi bola guztiak bildu beharko ditugu.
Ez da harritzekoa, bilaua oso boteretsua izango baita, iheslariak kolpe gutxi batzuetan hiltzeko aukera izanik. ez hori bakarrik: bideoan ikus daitekeenez, transformatzen joan ahalko da. Freezerrek bere lehen forman hasiko ditu partidak, baina laugarrenera arte igaro daiteke, indarra nahiz abileziak areagotuta.
Ez da, baina, kontrolatzeko egongo den bilau bakarra: Cell edo Buu baieztatuta daude —eta ziurrenik ezusteko gehiago egongo dira—. Iheslarien aldetik, Bulma zein Oolong kontrolatuko ditugu, baita guk sortutako heroiak ere.
Hortaz, Evolve edo Dead by Daylight bezalako jokoen mekanikak hartu eta Gokuren munduarekin apainduko ditu The Breakersek urriaren 14an. Plataformetara joanez gero, ordenagailuetan eta PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletan estreinatuko da.
Aurretik, baina, bigarren beta itxia iragarri dute arduradunek. Izen ematea ireki dute jada, eta egun nahiz ordu zehatz batzuetan jokoa probatzeko aukera eskainiko dute plataforma guztietan:
- Larunbata, abuztuak 6: 04:00 – 08:00
- Larunbata, abuztuak 6: 02:00 – 06:00
- Larunbata, abuztuak 6: 08:00 – 00:00
- Igandea, abuztuak 7: 04:00 – 08:00
Iruzkinak