Son Goku zein Vegeta heroien transformazioak ikusiko ditugu, baita Daimari lotutako bestelako misioak edo jantziak ere.
Dragon Ball Xenoverse 2k DLC berriak gehituko ditu bihar, Bandai Namco-k jakitera eman duenez. Oraingoan, aurten estreinatu nahiz bukatu den Dragon Ball Daima animearen edukiak jasoko ditu borroken RPG aseezinak.
Adi, Daimaren spoiler handiak datoz-eta. Dragoi Bolako protagonista mitikoenek transformazio berriak jasoko dituzte, beste behin. Son Gokuren kasuan, Daiman ikusitako Super Saiya 4 itxura eraberritua ikusiko dugu; bestalde, Vegeta saiyen printzeak Super Saiya 3 forma lortuko du, azkenik. Gokuren Mini itxura, bestalde, iaz Xenoverse 2k jasotako Future Saga Chapter 2 DLCan ikusi genuen.
Pertsonaiekin batera borroken RPG arrakastatsuak bestelako ohiko edukiak ere eskuratuko ditu. Hiru misio, Daimako sei abilezia, zortzi jantzi zein apaingarri, bi super arima eta karga pantailetarako zortzi irudi berri agintzen dituzte egileek.
Xenoverse 2 2016. urtean estreinatutako borroka RPG abentura da. Dragoi Bolaren unibertsoko bideojokorik salduenean bilakatu da, hamar milioi aleak gaindituta PlayStation, Xbox eta Nintendo kontsoletako zein PCko bertsioekin.
Azken hamarkadan bideojokoa hedatzen jarraitu du Bandai Namcok, askotariko eduki gehigarriak zein espantsioak kaleratuta. Film zein anime berrien botereak edo erasoak, istorioak eta askoz gehiago gaineratu dizkiote itxura batean Tenkaichi Budokai bezalako azpisagen antza daukan jokoari; ez da horrela, baina, Xenoverse sagak gure pertsonaia sortzera eta hau mailaz igotzera eramaten baikaitu unibertso eta jazoera alternatiboetan murgilduz.
Dragon Ball Xenoverse 2 Daima Pack DLCa bihar estreinatuko da kontsoletan zein PCan.
Tenkaichi 4, esperotakoa baino eskasagoa
Dragoi Bolaren azken bideojokoa, hain zuzen, Tenkaichi Budokairen laugarren atala dela esan daiteke: Sparking! Zero. Estreinaldi ikaragarria izan bazuen ere —bost milioi salmentak gainditu ditu jadanik—, harrera azkar batean hoztu zen, eduki urrien eta jokagarritasun errepikakorren ondorioz.
Hala eta guztiz ere, arduradunek azken titulua babesten dihardute. Orain egun batzuk jaso zuen Daima telesaileko borrokalarien lehen DLCa, Gokuren eta Vegetaren Mini bertsioak, Glorio edo Majin Kuu gehituta, besteak beste.
Iruzkinak