23. Arte Martzialen txapelketan ardaztuko da DLC-a. Hegan egiteko teknikarik gabe, lur gaineko borrokak biziko ditugu.
Bandai Namco enpresak Dragoi Bolaren unibertsoko Kakarot ARPG tituluaren hurrengo eduki gehigarria iragarri du. Dragoi Bola Ztik urrundu, eta saga originaleko azken borrokak ikusiko dira bertan; zehazki, Son Goku protagonistaren eta Satan Txiki namekiarraren arteko lehen norgehiagoka berpiztea ahalbidetuko du DLCak.
Hori horrela, Arte Martzialen txapelketa mitikoko 23. edizioan girotuko da espantsioa. Aipatutako bi heroien arteko dueluez gain, beraz, Budokai Tenkaichi zerupeko indartsuenaren txapelketan jazotako gainerako lehiak ere azalduko dira: iragarpen trailerrean, esaterako, Ten Shin Han eta Tao Pai Pai borrokalarien arteko borroka ikus daiteke, baita hiru begiko adituaren eta Son Gokuren artekoa ere.
Suposatzekoa da beraz gainerako txandak ere agertuko direla: Krilin Satan Txikiren aurkako edo Yamcha jainko ahalguztidunak kontrolatutako Shen gizakiaren kontrako dueluak, besteak beste.
Dena den, bosgarren espantsio honek jokagarritasun aldetik hainbat berritasun ekarriko dituela azaldu digute garatzaileek. Manganimearen zaleek ondo jakingo dutenez hegan egiteko boterea ez zuten ia erabiltzen istorioaren aro hartan: nahiz eta heroi gehienek Bukujutsu teknika ezagutu, gutxitan erakutsi zuten lehiaketaren 23. edizioan.
Hegan egin gabe ariko gara beraz borrokotan; hortaz, korrikan, jauzika eta saihesteak egiten ariko gara uneoro, leku batetik bestera ziztu bizian hegan ibili beharrean. Borroka zelaia ere oso mugatua dela kontuan hartu beharrekoa da: tatami erraldoian borrokatuko dugu, baina kanpora ateratzen denak lehia galduko du.
Dragon Ball Z: Kakarot Son Gokuren abenturak jarraitzen dituen akziozko RPGa da. 2020an estreinatu zenetik 4,5 milioi ale saldu ditu: egungo kontsola nagusietan zein ordenagailuetan joka daiteke.
Jatorrizko jokoan DBZ aroan gertatutako borrokak eta jazoerak jarraitu genituen; DLCetan, berriz, Super sagako zein aparteko aroetako istorioak kontatu dizkigute. Adibidez, azken espantsioetan etorkizuneko Trunks-en zein Bardock Son Gokuren aitaren pausoak jarraitu ditugu.
23. Arte Martzialen txapelketaren DLCak ez dauka argitaratze datarik oraindik; halere, “laster” argitaratuko dutela diote Bandai Namcoko arduradunek. PlayStation, Switch eta Xbox kontsoletara zein PC-ra iritsiko da.
Ez da Kakarotek jasoko duen azken eduki gehigarria izango: bigarren season pass-ean gutxienez iragarri gabeko beste espantsio bat geratzen dela nabarmendu dute garatzaileek.
Iruzkinak