A New Power Awakensek jainkoen aurka borrokatzera eramango gaitu. Son Goku eta Vegetarentzat transformazio berria gehituko du.

Bandai Namco Dragon Ball Z: Kakarot akziozko RPGaren berritasunei buruz mintzatu da sareetan. Enpresaren blogean zehaztu dutenez, A New Power Awakens – Part 1 izeneko DLCa udaberrian argitaratuko dute japoniarrek.

Eduki berriak 2013an argitaratutako Jainkoen Bataila filmean eta Dragon Ball Super animeko lehen atalean oinarrituko dira. Hori horrela, Bills Txikitzailearen aurka egitea izango da DLCko betebehar nagusia.

Jainko Txikitzailea garaitzeko, baina, Son Gokuk are indar handiagoa eskuratu beharko du. Hori Super Saiya Jainkoa transformazio berriaren bidez lortuko du; maila berri hori desblokeatuta Son Goku eta Vegetarekin oinarrizko jokoan erabiltzeko aukera egongo dela zehaztu dute bideojokoaren arduradunek.

A New Power Awakens DLCak jarraipena izango du. Kakaroten sortzaileek nabarmendu dutenez 2020an argitaratzeko asmoa dute.

Gainera, DBZ: Kakaroten Ultimate Edition-a erosi dutenentzat animeko abestiak batzen dituen abesti zerrenda gehituko dutela adierazi dute Bandai Namcokoek.

Music Compilation Pack izenekoak 11 abesti gehitu dizkio jokoari: besteak beste animearen zaleek ondo ezagutuko dituzten Makafushigi Adventure, We Gotta Power edota Solid State Scouter dakartza udaberrian estreinatuko den gehigarriak.