DQ 3ren berregiteak hartutako bide berbera jarraituko dute JRPG originalek. Aurten jasoko dugu kontsola nagusietan zein ordenagailuetan.
Dragon Quest 1 & 2 HD-2D Remake lehen aldiz mugimenduan ikusi ahal izan da Nintendo Direct aurkezpenean. Jokagarritasun bideoan Square Enix-en titulu maitatuen berregiteko mundua, pertsonaiak eta borrokak ageri dira.
Ez dugu ezusteko handirik aurkituko; egia esan, iaz argitaratutako Dragon Quest III HD-2D arrakastatsuaren aldaketa berberak ikusiko ditugu lehen bien bilduman. Hala ere, zentzua dauka: hirugarren jokoak aurreko bietan azaltzen zitzaigun kondaira kontatzen zigun, Erdrick heroiarena, hain zuzen.
Hortaz, JRPG klasikoen jokagarritasuna mantenduko dute SEkoek, aldi berean, atal grafikoak osorik zaharberritzeko. Bi dimentsioko sprite landuak eta hiru dimentsiko ingurune ederrak aurkituko ditugu berregiteotan, beti bezala, Akira Toriyama maisuak sortutako munstroekin eta izakiekin.
Tamalez, oraindik argitaratze data zehaztu gabe jarraitzen dute japoniarrek. Aurten ikusi beharko genuke, dena ondo badoa, plataforma nagusi guztietan: PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletan eta PCan merkaturatuko da.
Iruzkinak