JRPG sagako bideo-joko berriei buruz hitz egingo dute bertan, egungo jokoentzako edukiekin batera.
Bideo-jokoekin lotura duten hainbat urteurren berezi ditugu aurten: The Legend of Zelda, Pokemon, Resident Evil eta gehiago ekimen propioekin ari dira, esate baterako. Square Enixen JRPGrik famatuenak 35. urte beteko ditu maiatzaren 27an; Dragon Questen urteurrena ospatzeko egitasmo berezia iragarri dute japoniarrek.
Egun horretan frankiziaren etorkizuneko jokoen berri emango duen aurkezpen digitala ikusi ahalko dute jarraitzaileek. Zehazki, 05:30etik aurrera jarraitu ahal izango da zuzenekoa: ingelesez azpititulatuta egongo da nazioarteko zaleek jarraitu ahal izateko, Japoniatik kanpo igortzen den Dragon Questen lehen emanaldia izanik horrela.
Famitsu aldizkari japoniar ezagunean jakitera eman dutenez Yuji Horii Dragon Questen sortzailea arduratuko da ekimena aurkezteaz. Tertulia formatuan egingo dute, joko berriak zein dagoeneko argitaratutako lanen edukiak nabarmenduta bertan.
Iragarritako etorkizuneko jokoen artean dago, esate baterako, Flyren Abenturak manganimean oinarritutako Dragon Quest: The Adventure of Dai akziozko RPGa. Ikusteko dago baina zenbatutako saga nagusiaren hurrengo jokoa aipatuko duten; Dragon Quest XI S: Echoes of an Elusive Age orain lau urte kaleratu zutela ikusita, ez zen harritzekoa izango hamabigarren atala iragartzea.
Iruzkinak