Game Passera iritsiko da. Minecraften oinarriak jarraitzen dituen abentura PC, PS4 eta Switch plataformetan argitaratu zuten aurretik.
Ustekabean, eta dirudienez akats baten ondorioz, Microsoft Storean Dragon Quest Builders 2 Xbox kontsoletara iritsiko dela adierazi dute Redmondekoek. Square Enixen abentura hau Xbox Seriesetan zein Xbox Onean kaleratuko da maiatzaren 4an.
2019an estreinatu zen Builders 2; lehenengo PlayStation 4an eta Switchean eta ondoren, PCan. Mojangek bere Minecraft ezagunean erabilitako mekanikak hartu eta abentura propioa eratu zuten Builders sagarekin Square Enixekoek: blokeak erabilita egiturak sortzean datza jokoaren ardatza, baina jatorrizko Dragon Quest abenturen RPG elementuekin bateratuta.
Modu horretara sormenez betetako akziozko RPGa osatzen du abenturak. Jokalari bakarrarentzako kanpainak bere garrantzia hartzen du hemen: jokalariek hainbat erronka gainditu beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Multijokalariarentzako txokoa era badu, lagunekin ikaragarrizko eraikuntzak sortzeko aukera eskainita.
Jokalarientzako aukera anitz eskainiz helduko da Square Enixen jokoa Xboxera. Izan ere, Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuaren baitan jokatu ahalko da Builders 2ra. Xbox kontsoletara mugatu gabe, PCko harpidedunek ere eskuratuko dute obra hau; Xbox Play Anywhere zerbitzuarekin gordetako partidak plataforma guzti hauen artean partekatu daitezke. Eduki gehigarri sorta zabalarekin helduko da bertsio hau gainera.
Iruzkinak