Plataforma nagusi guztietan ikusiko dugu, Switch 2 barne. Nintendo-renean edizio fisikoak giltz digitala eskainiko digu.
Dragon Quest I & II HD-2D Remaken kaleratze data zehaztu du Square Enix japoniarrak Dragon Quest Egunean (DQ Day). Urriaren 30ean argitaratuko ditu lehen bi jokoen berregiteak.
Iaz estreinatutako DQ III HD-2D remakearen ibilbide bera jarraituko dute aurreko tituluek. Horrela, kalitate handiko sprite lana ikusiko dugu pertsonaientzat, ingurugiroak 3D modeloekin sortuta dauden bitartean. Jokagarritasuna mantenduko dute —DQ sagak ez du aldaketa handirik ikusi antzinatik, egia esan—, aldi berean bizitza kalitaterako askotariko hobekuntzak inplementatuta.
Dragon Quest Eguna dela aipatu dugu. Izan ere, frankiziako lehen bideojokoa 1986. urteko maiatzaren 27an, duela 39 urte, merkaturatu zen Famicom (NES) kontsolarentzat Japonian; jarraipena, berriz, urtebete beranduago ikusi zituen nipondarrek. Hirugarren jokoarekin batera mundu berean kokatzen den trilogia osatzen dute hirurek.
Artdink Corporation estudioa arduratuko da berriz berregiteez; eurena da, baita, atal tekniko bera erabiltzen duen Triangle Strategy.
Plataforma nagusi guztietan jokatu ahalko da JRPGen bilduman: PCan zein PlayStation, Xbox eta Nintendo kontsoletan kaleratuko da. Switch 2 berrian ere ikusiko dugu, hortaz, baina adi: edizio fisikoak giltz digitala (Game Key Card) ekarriko duenez, deskargatzea derrigorrezkoa izango da jokatzeko.
Urriaren 30ean estreinatuko da Dragon Quest I & II HD-2D Remake.
Iruzkinak