Munstroak ehizatzea da JRPG frankizia famatuko azpisagaren ardatza. Demoa kaleratu du Square Enix-ek.
Asko dira Dragon Quest zaleak, eta laster bideojoko berrian jokatzeko aukera edukiko dute. Ez da izango, baina, hamabigarren atala: Square Enixek iragarri duenez, DQ Monsters: The Dark Prince abenduaren 1ean kaleratuko du Nintendo Switch kontsolan.
Monsters azpisagako jokoa izango da, beraz, Dragon Questen hurrengo titulua. JRPG mekanikekin jarraitzen badu ere, funtsa aldatzen da: Pokémon estiloko bideojokoa dugu The Dark Prince, ehiza eta borroka ezaugarriekin.
Nadira erresuma zeharkatuko dugu Akira Toriyama mangaka ezagunak —beste hainbat diseinatzaileren artean— sortutako munstroak harrapatzen. Herrixkak, gazteluak, basoak, kobazuloak… edo gozoz osatutako kokalekuak ikusiko ditugu gure abenturetan.
Slime mitikoetatik hasita, DQ unibertsoko gainerako piztiak eta animaliak ikusiko ditugu: gure protagonista ez da hauek zauritzeko gai, beraz hezteko lanak hartuko ditu. Ez hori bakarrik, sintesi abilezia ezagutzera eman dute egileek. Bi munstro desberdin erabilita berria sor dezakegu, Persona bezalako jokoetan ikusitako mekanikak jarraituz.
Lau munstroz osatutako taldearekin borrokatuko gara. Munduko pizti basatien aurka aritzeaz gain, hondarretan murgil gaitezke erronka handiagoen bila.
Proposamenak erakarri badizu, demoa probatzeko aukera duzula jakin. eShop plataforman aurki dezakegu.
Bestela, esan modura, gutxi itxaron beharko dugu Dragon Quest Monster: The Dark Princen behin betiko bertsioan jokatzeko: abenduaren 1etik aurrera ikusiko dugu saltokietan.
Iruzkinak