Flyren Abenturen manganimean oinarritutako akziozko RPGa izango da. 2021ean kaleratzea aurreikusten dute japoniarrek.
Square Enixek Dragon Quest: The Adventure of Dai – Infinity Strash bideojokoa ezagutzera eman du. 90eko hamarkadan argitaratutako Flyren Abenturen manganimean oinarritutako A-RPGa da.
Xehetasun gutxi emanda, trailer baten bidez aurkeztu dute jokoa. Bertan Dai protagonista Pop eta Maam lagunekin ikus daiteke. Etsai ezagunak ere agertuko dira Infinity Strashen: Baran, Flazzard eta Crocodine, esaterako.
Dragon Quest: The Adventure of Dai – Infinity Strash datorren urtean argitaratuko dutela adierazi dute garatzaileek. Plataformak zehaztu gabe, kontsoletan kaleratuko dutela azaldu dute.
Akziozko RPGa beste bi proiekturekin batera iragarri dute japoniarrek: smartphonetara zuzendutako Tamashii no Kizuna eta arkade japoniarretarako garatzen ari diren Xross Blade. 2020ko udazkenean estreinatuko den anime berria ere prestatzen ari dira.
Iruzkinak