Square Enixen JRPG arrakastatsuaren azken bertsioa da. DQren hamaikagarren atala bi dimentsioetan jokatzea ahalbidetzen du, beste hainbat aldaketen artean.
Square Enixek iragarri duenez, Dragon Quest XI S: Echoes of an Elusive Age Definitive Edition PC, PS4 eta Xbox Onean argitaratuko dute. Lehen bi plataformek dagoeneko jatorrizko bertsioa zuten arren, Xboxeko jokalariek JRPG ospetsua jasoko duten lehen aldia izango da.
S bertsioa jatorriz Nintendo Switchean argitaratutako jokoa da. Hainbat hobekuntza eta aldaketa dakartza: horien artean nabarmentzekoa bi dimentsioetan jokatzea ahalbidetzen duen aukera. Horrela, Dragon Quest klasikoen erara jokatu daiteke abentura osoan zehar.
Horrez gain protagonistaren adiskideentzako istorio berriak, japonierazko bikoizketa eta argazkiak ateratzeko aukera dakartza S bertsioak. Halere, alde txarra ere badu edizio horrek: Square Enixek adierazi duenez Nintendo Switcheko atal grafiko berbera izango du. Hau da, PC eta PS4ko jatorrizko bertsioak baino kalitate txarragoa aurkezten du.
Dragon Quest XI S abenduaren 4ean argitaratuko da aipatutako plataformetan. Xboxeko eta PC jokalariek Game Pass zerbitzuaren barnean jokatzeko aukera izango dute.
Iruzkinak