Dragon Quest XII: The Flames of Fate eta Dragon Quest III HD-2D iragarri ditu Yuji Horii sortzaileak aurkezpen berezian.
Atzo goizaldean egin zuen Square Enix japoniarrak agindutako Dragon Questen 35. urteurreneko ekitaldi berezia. Bertan JRPG saga maitatuaren iragana oroitzeaz gain etorkizunera ere begira jarri ziren prestatzen ari diren atal berriak iragarrita.
Xehetasun handirik eman gabe baina zaleen amets guztiak beteta erakutsi zituzten joko berriak. Lehenengoa sagaren atal berria da: hamabigarrena zehazki. Dragon Quest XII: The Flames of Faten teaser txiki bat erakutsi zuten aurkezpenean. Ez zuten ez plataformarik ez argitaratze datarik zehaztu; hori bai, lehen aldiz nazioartean aldi berean kaleratuko duten Dragon Quest abentura izango da hau.
Horrez gain prentsa oharrean zehaztu dutenez erabakiak hartu beharko dituzte jokalariek, istorioaren ondorioak aldatuta modu horretara; gidoia helduagoa izango dela ere azpimarratu dute garatzaileek. Motor grafikoa ere zehaztu dute iragarpenaren ostean: Unreal Engine 5 berria erabilita sortzen ari dira JRPGa.
Hamabigarren jokoaren irudirik ikusi gabe geratu ziren jokalariak, baina ez zen berbera gertatu bigarren iragarpen handiarekin. Square Enixekoek HD-2D bezala bataiatutako estilo grafikoarekin, Dragon Quest III famatuaren remakea prestatzen ari dira.
Ziur asko zaleen artean atalik maitatuena da hirugarrena. Estetikak Octopath Traveller bezalako lanetan ikusitakoa jarraitzen du: bi dimentsiotako sprite ederrak ikusiko dituzte jokalariek. Ingurugiroak bestalde hiru dimentsioetan eratuta egongo dira, atal grafiko benetan berezia lortuta.
Kasu honetan ere, argitaratze data zein plataformak zehaztu gabe geratu dira Square Enixekoak.
Bi JRPG hauekin batera spin-off alai bat ere aurkeztu zuten: Dragon Quest Treasures. Hamaikagarren atalean azaldutako Mia eta Erik neba-arreben umetako istorioak azalduko dira bertan. Beraien helburua altxorrak eskuratzea izango da hainbat arriskuri aurre egin bitartean.
Iruzkinak